Filmak emango dituzte Berdeago azokan

Anboto 2016ko ots. 11a, 09:47

Datorren asteburuan, hilaren 19tik 21era bitartean, Berdeago azokaren aurtengo edizioa burutuko da Landako Gunean, ingurugiroaren iraunkortasuna ardatz hartzen duen azoka, hain zuzen. Laugarren aldia izango da, eta, oraingoan ere, egitasmoaren hazkundea igarriko da. Izan ere, inoiz baino erakusle gehiago egongo dira –iaz baino hamabost gehiago–, eta gune berri bat ere edukiko du: Plateruena kulturgunea Film Berdea gunea bihurtuko da egun horietan. Horri esker, gaiagaz lotutako film edo pelikulak eskainiko dituzte egitarau zabalean.


Barikuan pelikula bi eskainiko dituzte, eta domekan beste hiru. Ander Iturriagagoitia antolatzaileak azaldu duenez, Bikes vs Cars pelikula da esanguratsuenetakoa. Gaiaren inguruan eztabaida sortzen dabilela dio, eta nazioartean hainbat sari eskuratu dituela ere bai. Barikuan, 22:00etan izango da proiekzioa.

Alternatibak erakusten
Aitziber Irigoras alkateak azaldu du helburu nagusi bi dituela Berdeago Azokak, herritarrengan kontzientzia sortzea, eta merkatuko alternatibak erakustea. Faktura ulertzeko tailerra, eta toxikorik bako etxeen zein lastoz eginiko eraikuntzen inguruko berbaldiak daude aukeran, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!