Sorkun Rubio: "Azken urteotan bizi izan dudan prozesu zail hori dago disko honetan islatuta"

Anboto 2016ko ots. 12a, 08:45

Anai-arrebak taldearen ostean eskainiko du kontzertua Sorkun Rubio abeslariak. Zapatu gaueko kontzertuak 22:30ean hasiko dira, Plateruenean. Sorkunek azaldu duenez, azken diskoan rock&rolletik aldendu dira: "Beste estilo bateko kantak dira konposatu ditugunak, eta nik ere rol desberdina dut eszenatokian. Erronka handia izan da Ziklomorphosia."

Hilabeteko atsedenaldiaren osteko lehenengo kontzertua da biharkoa, Plateruenean. Gogotsu berriro jotzeko?
Bai, Durangokoaren ostean, gainera, baditugu beste data batzuk zehaztuta, sei bat dauzkagu momentuz. Kontzertu asko lotzea da orain behar dudana: egutegia errotulagailu berde fosforitoz markatuta ikustea da behar dudana. Poz ikaragarria ematen digu horrek: diskoa kaleratzean egin duzun apustuak erantzuna baduela ikustean esaten duzu: “Eskerrak!”.

Zelako sentsazioak eduki dituzu orain arte birako emanaldietan?
Oso sentsazio onak eduki ditugu. Entzule batzuek nik baino hobeto dakizkite kantak, eta poz ikaragarria ematen du horrek. Orain arte egin dugunetik desberdina da disko honetarako egin duguna: rock & rolletik aldendu gara. Beste estilo bateko kantak dira konposatu ditugunak, eta nik ere rol desberdina dut eszenatokian. Erronka handia izan da Ziklomorphosia.

Estilo berriari helduta, publiko zabalago batengana ailegatzea lortu duzuela uste duzu?
Ez da erraza jakiten, baliteke aurrerago ikustea hori horrela den, baina ez dakit. Edozelan ere, uste dut nire musika ezagutu duenak badakiela nire disko bakoitzagaz saiatzen naizela zerbait berria eskaintzen, eta irekia egoten da. Beti disko berdintsua egitea berme bat da, baina nik nahiago dut apustu egitea, eta gauza berriak eginez esperimentatzea. Hori bai, jakinda, batzuetan ondo ateratzen dela eta bestetan ez horrebeste.

Aurreko diskoen kontzertuetan baino gehiago dantzatzen da jendea? Giroa desberdina da?
Argi eta garbi, bai. Musika beltza da diskoaren bizkarrezurra, eta zeozelan behartu egiten dugu publikoa dantza egitera. Dantzarako gogoagaz etortzen da jendea bira honetako kontzertuetara. Emakume mordoa egoten da kontzertuetan, eta joera handiagoa dute dantzarako.

Bestelakoa izango zen Sorkun & Vicepresidentes proiektuagaz emandako birako giroa...
Bai, disko hura stonner-rock disko ortodoxoa izan zen, eta horregatik joan ginen Kaliforniara, produktore jakin bategaz lan egitera. Edozelan ere, estilo dantzagarriago hau gustuko izango ez duten emakume rockero mordoa ere egongo da...

Zeu zara aipatu duzun rockera horietako bat? Ala ez duzu zure burua rockeratzat?
Rockeratzat dut nire burua, bai; asko disfrutatu izan dut hardcoreagaz eta rock & rollagaz. Egia esan, momentu honetan, apur bat nekatuta ere banago rockagaz. 2014an Kashbadekin zortzi hilabeteko bira bat egin nuen, eta oso ondo pasatu genuen. Nork daki, beharbada, disko rock & rollero bat egingo dut urte batzuk barru berriro. Ez dakit... Izan ere, “bakoitzak egin dezala momentuan gogoak ematen diona!” da nire leit motiv-a.

Estilo batetik edo beste batetik gertuago, barruak eskatu dizuna egin izan duzu beti?
Bai. Izan ere, horixe baita, nire ustez, askatasun kreatiboa. Sortzaile baten askatasuna hor dago, nire ustez. Asko disfrutatzen dut askotariko musika estiloak kantatzen; bossa nova, reggae edo soul abestiak kantatzen asko disfrutatzen dut, esaterako, eta gauza asko probatzea gura dut: musikari desberdinekin jotzea, konposizioan ere lagun desberdinekin aritzea...

Eider Rodriguez idazlearekin kolaboratu duzu, oraingoan, letrak idazteko, ezta?
Bai, Eider Rodriguezek idatzirikoak dira letra gehienak, eta badago Harkaiz Canoren beste bat ere, esaterako. Argi neukan nire euskara maila mugatua dela, eta idazle bati eskatuko niola Ziklomorphosia diskorako hitzak idaztea. Eiderrek idatzi du, baina nire bizitzari buruzkoa da diskoa, eta berba asko egin dugu adierazi gura nuenaren inguruan. Oso benetakoa da diskoa.

 

Sorkunden indarberritzearen kontakizuna, disko batean

Elkarrizketan azaldu duenez, ziklotimia gaixotasunaren sintomak diagnostikatu zizkioten, orain urte batzuk, Sorkuni, eta  bere azken diskoaren izenburuak esperientzia horri egiten dio erreferentzia. Aldartearen gorabehera handiak izateari esaten zaio ziklotimia; antsietatetik depresiora denbora tarte oso laburrean igarotzeari.

“Koadro ziklotimikoa diagnostikatu zidaten arte, gaizki nengoen, ez nekien zer gertatzen zitzaidan, baina ez nengoen ondo”, azaldu du abeslari oreretarrak. “Asko lasaitu ninduen gertatzen zitzaidanari izena ipini ahal izateak”.

Aurreko lana kaleratu zuenetik zazpi urte igarota, “disko bat egiteko gogoa ere galdua” zuela kontatu du Sorkunek: diagnosiaren ostean, hobeto sentitzen hasteagaz batera, sortu zitzaiola berriro musika egiten hasteko grina. Eta gogo eta energia horretatik sortutakoa da, bihar, Durangoko Plateruenean aurkeztuko duen Ziklomorfosia diskoa.

Musika beltza, letra ilunak
Musika beltzaren erritmo biziek, alaitasunak eta bizitasunak, eta hitzen gordintasunak kontraste berezia sortzen dute Sorkunen azken lan honetan. Musikariaren berbetan, “azken urteetan bizi izan dudan prozesu zail hori dago diskoan islatuta”, eta horregatik daude hitz hain ilunak. Baina, Sorkunek zehaztu duenez, “nahiz eta diskoko kantetako hitz gordin horiek prozesu gogor horren errealitatea kontatu, disko alaia egin gura nuen”. Musikaren bitartez lortu du bilatzen zuen oreka hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!