Rex-T senegaldarraren lehenengo diskoa, Beat Salad Records durangarren eskutik

Anboto 2016ko ots. 3a, 13:36

Afrikan sorturiko rapa Euskal Herrian zabaltzeko, orain urte batzuk abiaturiko bidean darrai Beat Salad Records Durangoko ekoiztetxe autogestionatuak. Senegalgo eszenan ezaguna den Alien Zik taldeko Rex-T hip-hoplariaren lana editatu dute, oraingoan, Afrika Style izenburuko diskoa. Arkaitz Cayado Itsua Beat Salad Record-eko kideak sortutako musika oinarri duten kantak dira Rex-T-renak, Afrikako erritmo eta melodietan oinarrituriko sorkuntzak.

Rex-T hip-hoplariak bere lehenengo disko horretan kantatzen dituen berbak, aldiz, Afrikak jasaten duen neokolonialismoaren eta balio galeraren kritika dira. Maitasunaz, eta umeen eskubideak babestu beharraz dihardu, besteak beste.

Arkaitz Cayado Itsuak azaldu duenez, Rex-T-ren Afrika Style lana, momentuz, ez dago hemen eskuragarri, baina asmoa dute hemen ere zabaltzeko.

Albiste pozgarriekin hasi dute Beat Salad Records-eko Arkaitz Cayado Itsua-k eta Omar Thior Omzo kideak urtea. Hainbat proiektu berri plazaratu eta beste hainbat eskuartean izatea nahikoa ez, eta, sari bat ere jaso dute. Iaz editatu zuten PPS The Ghost Writah hip-hoplari senegaldarraren Xaatim Ak Kalláma diskoa aukeratu baitute Senegalgo 2015. urteko diskorik onena, Galsen Hip Hop Awards sariketan. Senegalen sortu zuten proiektu hori, AEBetako musikariekin grabatu, eta Durangoko ekoiztetxeagaz editatu zuten disko hori. Senegalgo raparen munduan izen handia da PPS The Ghost Writah-rena.

Arkaitz Cayado Itsua durangarrak eta Omar Thior Omzo Beat Salad proiektuko kide senegaldar-euskaldunak abiaturiko ekimenak, Durangoko ekoiztetxearen eta Senegalgo hainbat artistaren arteko hartu-eman oparoa sortu du: herrialde hartako rap eszenako artista ezagunen lanak editatu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!