Ibaizabalgo Haur Hezkuntzako ikasleen umeentzako antzezlanak

Anboto 2016ko urt. 15a, 13:00
Antzezlan bakoitzarentzat kartel bat ere sortu dute ikasleek.

Aste honetan, Plateruenean, eskainiko dituzte Durangoko Ibaizabal ikastolako Haur Hezkuntzako ikasleek, umeentzako sortu dituzten bost antzerki obrak.

Gaurtik barikura, 17:00etan, Plateruenean, izango dira bost hitzorduak. Zirkus mundi izeneko lana eskainiko dute gaur, Euria egin ondoren izenekoa bihar, Aker Galdua lana eguaztenean, Kurkubitak eguenean, eta Eskutik batera izenburukoa, barikuan.

Aniztasuna da Ibaizabalgo ikasleek sorturiko bost antzezlanen ezaugarri nagusia, eta askotarikoak protagonistak: zirkuko pertsonaiak ageri dira istorioetako batean, eta animaliak eta estralurtarrak beste batzuetan.

Literaturari eta antzerkiari loturiko gaiak lantzen dituzte Ibaizabal ikastolako Haur Hezkuntzako Goi mailako ikasketetan, eta saio horietan sortu dituzte gazteek, astelehenean, Plateruenean, jendaurrean eskainiko dituzten istorio hauek. Beraiek pentsatu dituzte antzezlanen gaiak, sortu dituzte gidoiak eta kartelak, eta eurak ariko dira asteleheneko emanaldian aktore lanak egiten ere.

Ikastolan sortutakoa Plateruena kafe antzokian aurkeztea, “Ibaizabal herrian, komunitatean kokatzeko” modua dela azpimarratu du Mireia Delgado irakasleak: “Ez gara burbuila bat munduan, eta eskolan ere herritik eta herriarentzako diren gauzak egitea oso ikasbide polita da”.

Ikasketa prozesua esanguratsua izan dadin, testuinguru errealak behar direla gero eta argiago ikusten dutela dio Delgadok, eta baita, eginez ikasten dela gehien. Testuinguru horretan dago kokatuta Ibaizabal ikastolan Haur Hezkuntzako zikloko antzerki arloko lan hau. Ikasleak umeekin aurrez-aurre jartzen dira antzezlanak eskaintzeko, eta harreman horretatik ere asko ikasten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!