Jose Moya, 'Tomate': "Pintxo-potea taparen nahi eta ezin hori dela esango nuke"

Anboto 2015ko aza. 28a, 10:00
Jaengo Frailes herrikoa da Jose Moya.

Birraitona lez, ‘Tomate’ ezizenagaz ezaguna den jaendarrak lau urte daramatza Durangon bizitzen, Amaia neska-lagunagaz. Rugby tabernako arduraduna da orain. Topikoekin kritikoa den arren, saihestezina da ‘Ocho apellidos vascos’ filmari erreferentzia egitea.


Zerk ekarri zintuen Durangora? Maitasunak...
Bai! (barrez). Segovian (Espainia) publizitatea ikasten nenbilela ezagutu nuen Amaia neska-laguna. Karrera bukatzean etorri ginen Durangora.

‘Ocho apellidos vascos’ filma dela-eta entzungo zenituen....
Uff! Filmari erreferentzia egin didan bakoitzeko euro bat batzeko potoa jarrita, diru asko batuko nuke.

Eta aitaginarrebagaz zelan?
Oso ondo! Pertsonajea da hura ere (barrez).

Zuon istorioak badu halako paralelismoa pelikulagaz...
Ez dut ikusi eta ez dakit ikusiko dudan. Agian inoiz bai, zergaitik ez? Hainbeste topiko... apur bat kritikoa naiz. Turismoari dagokionez, egin du bere lana.

Topikoekin kritiko zara?
Sevillakotzat edo Cadizkotzat jotzen naute askok, zergaitik ez Jaengoa? Andaluziarra naiz bai... Hala ere, sevillarrak kapitalekoak dira eta cadiztarrak egundokoak! Jaen, Cordoba eta Almeria... Andaluzian daudela diote (barrez). Topikoak askotan ez datoz bat. Min egin dezakete.

Etortzean zerk harritu zintuen?
Ez dakizu zenbat eboluzionatu duen nire buruak! Onerako! Ohiko aurreritziekin nentorren. Heldu, eta Gasteizko Ama Zurietara eroan ninduten; presoei egindako omenaldiak ikusi nituen. Harritu ninduen jaietan ertzainak armekin ikustea... Jentea ezagututa dena aldatzen da.

Hain desberdinak gara?
Ez. Kultura oso desberdinak ditugu. Oso ondo hartu naute, nire herria bailitzan. Hori bai, neskagatik etorri naizenez, neska kuadrilla dut, eta kostatu zitzaien onartzea euren afari batera ni ere joan nintekeela (barrez).

Nolakoak gara euskaldunak?
Jende ona, zintzoa. Inozorik topa zenezake, baina hori, edonon. Gurasoak etorri zirenean ere, jende onez inguratuta nengoen ustean joan ziren.

Eta andaluziarrak?
Denetarik dago... alferrontzi hutsak eta benetako langileak!

Pintxoa ala tapa?
Tapa! Pintxo-potea da taparen nahi eta ezin hori. Pintxo-potea egun osoan banatuko balitz, hori sustatuz gero, baliteke gauez beste irabaztea egunez, nork daki! Baina, bakoitza ondo dago bere tokian.

Tabernak jendea ezagutzeko aukera ematen du.
Asko, eta benetan pozten naiz.  Hori bai, asko eroan behar da. Kurrikulumean beharko luke egon: psikologia! (barrez)

Euskaldunoi falta zaigun grazia ei duzue andaluziarrek.
Hala da, ez? Klimak eragiten du gehien. Nire herria 1.000 metrora dago, hotz egiten du, baina, hezetasun hau... gorputzean sartzean, ezin berotan sartu!

Euskaraz bai?
Hasi ginen etorkin talde bat zerotik, Pinondon. Baina, ‘poliki-poliki doa’... ‘Egunon’, ‘eskerrik asko’...  Aditzak-eta jokatzeko ikastea behar da, eta hizkuntzak ez ditut indargune. Baina, ikasi gura nuke, nola ez!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!