Miren Uribelarreak ilustratu du Pako Aristiren umeentzako ipuin berria

Anboto 2015ko aza. 24a, 16:00

Pako Aristiren Armiarma txiki baten epopeia handia liburua ilustratu du Miren Uribelarrea gazte durangarrak. Erein argitaletxeagaz kaleratu dute, 7 eta 10 urte artekoei zuzendurik. Azaroaren 13an, Donostian aurkeztu zuten lan berria Aristik eta Uribelarreak.

Libururako ideia “Melillako hesian zintzilikaturiko pertsonen iruditik” sortu zitzaiola azaldu zuen Pako Aristik: “Armiarmak ziruditen, amaraun hartan”. Afrikatik Europara datozenen peripezien metafora da liburukoa. Baina, egilearen berbetan, bazterturiko beste edozeinena izan ere zitekeen. Istorioaren protagonista izateko, “ikusi orduko gorrotatzen dugun animalia bat, armiarma”, hautatu zuen Aristik.

Uribelarrearen ilustrazio lanak liburu baten argia ikusi duten lehenengo aldia da, baina Aristiren liburuaren protagonista, armiarma, ez zaiola arrotza egiten azaldu zuen Miren Uribelarrea durangarrak liburuaren aurkezpenean. Azaldu zuen Arte Ederrak ikasten zebilela, animalia baten inguruko proiektu bat gauzatu behar izan zutela, eta hain justu ere, armiarma aukeratu zuela bere lana egiteko. Gainera, Karrika Antzerki taldearen azken obrarako, bere pertsonaiari ere armiarmaren ezaugarriak eman zizkiola azaldu zuen.
Ilustrazio lanari ekiterakoan, antzerkigintzan bezala, pertsonaiaren azalean jartzea bilatzen duela esan zuen Uribelarreak aurkezpenean. “Beragaz identifikatzera naramaten gauzetatik, pertsonaiaren izaera sortzeko”.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!