Perlak eta Norte Apache taldeak ariko dira Kantuaren Kantoian

Anboto 2015ko aza. 9a, 10:00
Urte eta erdi darama Perlak laukoteak, taldearen lehenengo diskoa kontzertuetan eskaintzen. (Argazkia: Ion Iraundegi)

Datozen bi eguaztenetan, 19:30ean izango dira Durangoko Platerueneko emanaldiak. Post-punkaren arloan kokatzen den Perlak talde zarautzarra etorriko da eguazten honetan, eta datorren astean, rap doinuekin tartekatuko dute solasaldia Norte Apache taldeko kideek.

Perlak laukote zarauztarrak eskainiko du Durangoko Platerueneko Kantuaren Kantoia berbaldi musikatuen zikloko lehenengo emanaldia, azaroaren 11n, 19:30ean. 2013an sorturiko taldea da Perlak, eta, maiatzetik, Napoka Iriako Miren Narbaiza kide berria du. Euren kantak eta taldearekin zerikusia duten bideoak ekarriko dituzte, Durangoko Platerueneko solasaldian tartekatzeko. Kantuaren Kantoia ekimenaren aurreko  edizioetan bezala, Jonan Hernandez kazetariaren galderek gidatuko dute solasaldia. Hain zuzen ere, Perla taldekoek diote “publikoarengana hurbildu eta betiko kontzertuen formatutik ateratzeko modua” delako, gogotsu hartu zutela Kantuaren Kantoiaren proposamena.


Urte eta erdi daramate lehenengo diskoko kantak zuzenean eskaintzen, eta aurreratu dutenez, laster, kontzertuen martxa jaitsi, eta bigarren diskorako buruan darabiltzaten ideiei forma ematen hastea dute asmoa.

Post-punkaren arloan kokatzen du Perlak taldeak bere burua, eta, eragin bezala, The Cure, Joy Division, New Order, edo Siouxsie & the Banshees modukoak aipatzen dituzte.  

Norte Apache musika taldeaNorte Apacheren errimak
Rapak beteko du, bestalde, Platerueneko Kantuaren Kantoiaren bigarren hitzordua. Norte Apache hirukotea gonbidatuko dute, azaroaren 18an, 19:30etatik aurrera, Platerueneko Kantuaren Kantoira. Zikloaren aurreko edizioetan beste hainbat artistak bezala, euren sorkuntza metodoez, eraginez, eta esperientziez berbaz ariko dira hip-hoplariak, eta kantak eskainiko dizkiete doako emanaldira bertaratzen diren entzuleei.  
Entzulego gaztea erakarri gura dute Platerueneko Kantuaren Kantoiaren antolatzaileek. Horregatik, ikuslego horren gustukoa izan daitekeela uste duten kartela osatu dute, Euskal Herrian post-punka eta rapa egiten duten gazteak gonbidatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!