Javier Valhonrat, argazkilaria: "Sortzera bultzatzen nauen hori ikertzea interesatu izan zait beti"

Anboto 2015ko aza. 7a, 10:00
(Argazkia: Pablo Valhonrat)

‘Lekuak eta bilbeak’ berbaldia eskainiko du Javier Vallhonrat argazkilariak (Madril, 1953), azaroaren 14an, Durangoko Arte eta Historia Museoan. Azaroaren 10ean hasiko den Begira  Photo jaialdiak gonbidatuta etorriko da.

Zeren inguruan ariko zara ‘Lekuak eta bilbeak’ izenburuko Durangoko berbaldian?
Gizakiak, inguratzen duen naturagaz duen harremana da azken aldian egin ditudan argazki askoren protagonista. Naturagaz neuk daukadan harremana, eta gizarte ultra-teknologiko honetan sumatzen dudana izango dira nire gogoetaren ardatza. 1999. urtetik gaur arteko nire sorkuntza, bost proiektutan gauzaturikoa, hartuko dut ardatz moduan. Bestalde, nire lanaren atzealdean dauden trama eta korapiloez ere ariko naiz.  

Arte Ederretan eta Psikologian lizentziaduna zara. Zer eragin du arlo bakoitzak zure obran?
62 urte dauzkat, eta 55ekin hasi nintzen psikologia ikasten. Ikasteko irrikaz bizi naiz. Arlo biek badute loturarik: artistok, psikoterapeutek bezala, geure burua hobeto ezagutzen laguntzen diguten barruko tramak ezagutzea bilatzen dugu. Sortzera bultzatzen duen barne-dimentsioagaz kontaktuan egoten da artista. Inor ez da artista komenientziak bultzatuta. Artista gara ez dakigulako beste gauza bat izaten, eta barnean obsesio edo beharrizan bat dugulako. Psikoterapeutak bezala, artistok ere geure ezkutuko barne munduetan murgiltzen gara. Sortzera bultzatzen nauen hori ikertzea interesatu izan zait beti.

Argazkigintza ezezik, zure ibilbidean pintura, bideoa, instalazioak, performance-a, etab. ere baliatu izan dituzu.
Bai, horrela da. Hasi nintzenean, nire belaunaldian, argazkilaritza mota, zelanbait, “puristagoa” zegoen zabaldua, tradizioari lotuagoa. Baina niri argazkigintza “hibridoagoa” interesatzen zitzaidan: ezarritakoaren erlatibitatea azaleratzen duten begiradak lantzea. Argazkilaritza da nire adierazpide nagusia, baina, arlo horretara mugatu barik, uste dut neure buruaz gehiago ikasi dudala. Erakusketetan, esaterako, testuen bitartez azaltzen ditut, sarritan, hainbat kontu. Edozelan ere, emozioarekin zerikusia duten loturak eginez, ikusleak sortzen du obraren esanahia.

Gustuko duzu ikusleagaz harreman zuzena edukitzea?   
Bai, oso positiboa deritzot. Eskaini ditudan berbaldietan eta tailerretan, nire obraren atzean dagoen pentsamendua ulertzeko interesa zeukan jendea topatu izan dut beti. Uste dut bizi dugun irudien saturazio garai honetan, beharrizana dugula gauzak ulertzen saiatzeko, ez dugu ikusgarritasuna bakarrik nahi, artearen motibazioetara ailegatu gura dugu, lanaren atzean dagoen pertsonarenganaino. Egia da baita, horrek show-tik ere baduela, baina, bestalde, sakonagoak diren dimentsioetara ailegatzeko aukera ere izan daiteke.

Gogoetarako ez dugu, baina, tarte askorik hartzen...  
Uste dut teknologiagaz kritiko ez izatearen ondorioak jasaten gabiltzala. Gauza harrigarri eta ikusgarrien bila ibiltzen gara argazkigintzan ere, egunerokotasunetik aldentzen gaituzten gauzen bila. Badirudi internet ihesbiderako pasaporte bat dela, eta nobedadeen kontsumitzaile hutsak gu. Geure buruarengandik, geure barnetik aldentzen gara horrela. Egunerokotik ihes egiteko barik, geure barnekoari zintzoki eta sakontasunez begiratzeko balio behar du argazkigintzak. Asko gara, bestalde, sakontasuna, poesia eta pentsamendua lantzen diharduten argazkilari garaikideak: ikuslea bere barne munduagaz harremanetan jartzera bultzatu gura dute argazkilari gazte askok.

Gizakiaren eta naturaren arteko harreman gaitzaren metafora

Gizakiaren eta naturaren arteko harremanen metafora bat da testu honen ondoko argazkia. Javier Vallhonrat argazkilariak 2011 eta 2015 urteen artean burutu duen Interacciones izenburuko proiektuaren barrukoa. Mundu teknologiko honetan, naturagaz daukagun harreman zailari buruzko gogoeta dago proiektu horren muinean, eta, besteak beste, Pirinioetako glaziarretan, Islandian edota Argentinako Tierra de Fuego uhartedian garatu du. Durangoko Begira jaialdiko berbaldian, proiektu horren inguruan mintzatuko da.

Inguru latzean, behelainotan, agertzen den alboko argazkiko gizonarena bezalako irudiekin “jakinmina, intriga” sortzen saiatzen dela azaldu du Vallhonratek, eta ikusleari modu aktiboan jardutea eskatzen diola. Ikuslearen parte-hartzea bultzatzen du argazkilari madrildarrak: artistak emandako arrastoetatik abiatuta, ikusitakoaren interpretazio propioa egingo du ikusleak. “Helburua ez baita ikuslego pasibo bati irudi ikusgarriak eskaintzea”.

Sari garrantzitsuak
Urteetan egin duen lana goraipatuz, sari asko eta oso garrantzitsuak eman dizkiote Javier Vallhonrati. Espainiako Argazkilaritzako Sari Nazionala jaso zuen, esaterako, 1995. urtean. Photo España jaialdiko, zein bizi den hiriko, Madrilgo, argazkigintzako sari nagusiak ere eman dizkiote.

Durangoko Begira Photo jaialdian, Argazkigintza pentsatu sailaren barruan eskainiko du Vallhonratek hitzaldia. Argazkigintza eta pentsamendua lotzea “oso aproposa” dela uste du: “Pentsamendua, sarritan oso sakona, baitago argazkigintza garaikidearen atzean”. Begira Photoren gonbidapenak ilusio handia egin diola ere azpimarratu du, izan ere, familiaren parte bat bilbotarra du, eta lotura emozional estua du Euskal Herriagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!