Duela 50 urte, gaurko egunez hasi zen lehenengo Durangoko Azoka

Anboto 2015ko urr. 30a, 09:59

Urriaren 30etik azaroaren 1era, Andra Mariko elizpean egin zuten lehen Durangoko Azoka 1965ean. Xumea, 46.587 euroko aurrekontua izan zuen lehen azoka hark. Azokaren historia batzen duen liburuan sortzaileek azaldu dutenez, lehen batzarra Leopoldo Zugazaren dendan egin zuten: "han elkartutakoek ametsik zoroenean ere ez zuten pentsatuko noraino puztuko zen asmo hura, eta gaur eguneko Azoka ikustera datorrenak nekez imajina dezake hasiera xume hura".

Andra Mariko elizpean atondu zuten azoka hura, eta hantxe izango zen Durangoko Azoka 1974ra arte. Lehen azokan, guztira 25 editorek parte hartu zuten lehen azokan, 18 stand edo postutan. Lau diputazioek, Euskaltzaindiak eta "Amigos del Pais" elkarteak standak jarri zituzten, eta baita beste argitaletxe batzuk ere: Auñamendi, Auspoa, Itxaropena, Sendo, Gomez, Espasa-Calpe eta abar.

50.urtemuga dela eta, Luis Mari Arruabarrenak eta Joseba Sarrioandiak Durangoko Azokaren historia batzen duen liburua idatzi dute. Liburua idazteko, Arruabarrena azokako sortzaileekin batu da eta hainbat istorio eta bitxikeri batu ditu. Antolatzaileek liburuan azaldu dutenez, lehen azokaren arrakastak ustekabean harrapatu zituen. Horrela gogoratzen du Jose Luis Lizundiak: "Denok harritu ginen, editorialak bai geu, lehenengo Azokak izan zuen arrakasta ikusita. Jendeak egarria zeukan, gosea".

Aurtengo Durangoko Azokan, abenduaren 5ean, Gerediaga elkarteak elkarteko eta Azokako sortzaileak omenduko ditu, Argizaiola Sarien bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!