Durangoko jaiak 2015

Neskek ere Dantzari-dantza egin dute lehenengoz, San Fausto egunean

Anboto 2015ko urr. 14a, 13:38
Egilea: @MarisaBarrena1

Jaietako egitarauan iragarri bako sorpresa ekarri zuen martitzeneko San Fausto egunak. Neskak ere Dantzari-dantzara irten ziren lehenengo aldiz, mutilekin batera. Parekidetasunaren aldeko lanak sarri egin izan du topo tradizio ekintzekin, baina badaude pausoak ematen dabiltzanak, zarata handirik egin barik. Horietakoak dira martitzen eguerdian dantza egin zutenak; Kriskitin, Txoritxu Alai eta Tronperriko dantzariak.

Miren Otxotorena, Garazi Sarrionandia, Maddi Caballero eta Ixone Aroma izan ziren neskak, eta Abel Iriondo, Aratz Zugazaga, Aritz Lasarguren eta Julen Maguregi mutilak. Pozik azaldu da Ixone Aroma, orain arte ukatua izan zaiena bizi ahal izan dutelako: “Txikitatik  hain hurbiletik ikusi eta bizitako dantzan parte hartzea esperientzia itzela izan da”. Kriskitineko kideak kontatu duenez, euren taldean egin izan dute antzeko esperientziaren bat, batez ere inauterietan edo kanpora egindako bidaietan. Baina, herriko jaia bestelako kontua da, eta, azken urteetan, pausoa eman ala ez hausnartzen ibili dira. Jaietako egun handian, Tronperri eta Txoritxu Alaiko kideekin batera egin dute dantzan, eta ideia eurekin konpartitu ostean, aurten burutzea erabaki dute. Erronka ez ei da izan emakumeena bakarrik, Aromaren arabera: “Mutilek babestu gaituzte, eta borroka denona izan da”.

Hurrengo urteetan ere gogoeta egiten jarraituko dutela dio Aromak: “Espero dut datorren urtean zortzi dantzari izatea, eta ez lau neska eta lau mutil”. Gainera, oraindik badagoela zer hobetu uste du. Adibidez, arropa motaren eztabaida ez dute itxi. “Andra moduan irten nahi genuen, eta ez gizon mozorrotuta”. Dantzari-dantzara, prakak jantzita irten ziren neskak, baina, egunerokoan, emakumeen gehiengoa prakekin dabilela argudiatu du Aromak. Bestalde, gainerako dantzetan, ohiko janzkeragaz irten ziren neskak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!