Durangoko jaiak 2015

Goikoetxea eta 'Garita' durangarra bikote, Durangoko zesta torneoan

Anboto 2015ko urr. 8a, 09:41
Zestalari eta Jai Alive enpresako antolatzaileak Durangoko udaletxean egindako aurkezpenean.

Hiru urteko parentesiaren ostean, goi mailako zesta partiduak bueltan dira San Fausto jaietan. Jai Alive enpresaren eskutik, munduko pilotaririk onenetakoek San Fausto torneoa jokatuko dute Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Domekan, 18:00etan, finalerdiak jokatuko dituzte, eta urriaren 13an, martitzenean, finalak.


Torneoak hainbat interesgune ditu. Esaterako, etxeko pilotari batek jokatuko du. Iñaki Garcia ‘Garita’ 35 urteko durangarra da parte-hartzaileetako bat. Floridako Dania Jai Alai pilotalekuan jokatu ohi du, eta 2008tik profesionala da. Bere bikotekidea Iñaki Osa Goikoetxea izango da, askorentzat munduko zestalaririk onena den zumaiarra. Gaur egun, buruz buruko txapelduna da. Domekan, 18:00etatik aurrera, Jagoba Narbarte eta Manex Urtasun izango dituzte kontrario. Narbartek debuta egingo du, eta esperientzia hartzen joatea du helburu, abenduan Daniako lehen abenturari ekiteko. Urtasunek, aldiz, esperientzia handia du, eta Danian jokatzen duen atzelaririk onenetakoa da.

Bigarren  finalerdia
Bigarren finalerdiko izenak ere ez dira nolanahikoak: Mikel Egiguren eta Txabi Inza Christophe Olha eta Ibai Erkiagaren kontra ariko dira. Lauren artean, makina bat txapelketa irabazi dituzte, udan. Egigurenek Donostiako Masterra irabazi du, besteak beste; Inza Donibane Lohitzuneko Masterrean nagusitu da; Olhak Biarritzeko Masterra eta Hiruzta Torneoa irabazi ditu, eta Erkiagak, beste hainbat txapelen artean, Jai Alai World  Tourreko finala irabazi du Goikoetxeagaz bikotea osatuz.

Domekako finalerdietan garaile irteten direnek martitzenean, 18:00etan, jokatuko dituzte finalak. Aurretik hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituzte.

Jaialdietarako sarrera 10 euro izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!