Miki Nadal: “Hiru urtean nabil ikuskizun honegaz; seinale ona da hori”

Anboto 2015ko urr. 1a, 12:00

Mikipedia izeneko bakarrizketa eskainiko du Miki Nadal (Zaragoza, 1967) aktoreak, zapatuan, Durangoko Plateruenean. 

Nondik zabiltza ANBOTOren galderei erantzuten?
Zapeando telebista programa prestatzen dugun batzar-gelatik nabil, programa hasi baino lehentxoago.

Datozen orduetan, zer lan konpromiso dauzkazu?
Aste oso betea daukat. Eguneroko programan jarduteaz aparte, hainbat publizitate kanpainaren grabaketa egin behar dut. Goizeko 08:00etan hasiko ditut lanegunak asteon, eta 19:00etan amaitu. Eta dakizuen bezala, zapatu gauean, Durangon amaituko dut lan astea: Mikipedia ikuskizunaren emanaldiagaz.

‘Mikipedia’ ikuskizuna dakarzu Durangoko Plateruenera. Zelako ikuskizuna da?  
Ahalik eta jende gehienari, ahalik eta denbora luzeenean, barre eragitea du ikuskizunak helburu. Ikuslego ahalik eta zabalenari umorea eskaintzea, horixe da daukadan jomuga.

Hiru urte daramatzazu ikuskizun honegaz. Zelako harrera egin dizute emanaldietan?
Hiru urteren ostean, ikuskizunagaz darrait, eta seinale ona da hori. Ikuskizun atenporala da, eta jendeak ondo hartzen jarraitzen duen bitartean, gustura jarraituko du eskaintzen.  

Askotan jardun zara Euskal Herriko antzokietan?
Bai, askotan, eta hainbat ikuskizunegaz. Zalantza barik, Euskal Herrira joaten jarraitzeko asmoa daukat, nire lekurik kuttunenetako bat baita antzezteko: ikuslego itzela topatu izan dut Euskal Herriko antzokietan.

Zeintzuk dira hemengo ikuslegoaren ezaugarriak?
Oso publiko maitakor eta naturala topatu dut beti. Oso gogoko dut euskal ikuslegoa.

Egunero diharduzu ‘Zapeando’ programan. Gogorra al da eguneroko maiztasun hori?
Zuzeneko programa bat da, eta horixe da, hain zuzen ere, niri gehien gustatzen zaidana. Oso ohituta nago horrelako programetan jardutera, eta horrelako ordutegian lan egitera. Urte askoan ibili naiz horretan.

Zelan daroazu aurpegi ezaguna izatea?
Denera ohitzeko gai gara...

Zure Twitter-eko profilean, ‘neure buruari jarraika nabil’ diozu. Zaila egiten zaizu zure erritmoari jarraitzea?
Egia esan, bai. Gauza asko egiten dituen nagia naiz.

Zer proiektu daukazu, momentu honetan, eskuartean?
Telebistan, antzokietako biragaz, eta kide naizen Nostromo zinema ekoiztetxeagaz ere lanean dihardut.

Irailean, 18 urte bete dira telebistan hasi zinela.Zelan gogoratzen duzu Pepe Navarroren programako hasiera hura?
Lehenengoa izatera, ilusio handia egin zidala gogoan dut. Garai hartan, ez nuen pentsatzen hainbeste urte emango nituela telebistan lanean.

Orain bezainbat eskaintza jaso duzu beti, ala igaro duzu estutasunen bat?
Zorte handia izan dut beti. Gelditu naizenetan, atseden hartzeko egin izan dut.

Wikipedian zuri buruzko sarrera oso zabala dago. Zer deritzozu dioenari?
Ideiarik ez daukat nork idatzi duen, baina badaude akats batzuk. Edozelan ere, Mikipedia ikuskizunean horretaz ere egiten dut berba, eta nahiko argi uzten dut nire jarrera.

Zuzenbidea ikasi zenuela irakurri dugu. Antzerkiko eta telebistako lanean baliatu ahal izan duzu bertan ikasitakorik?
Musean jokatzen ikasi nuen, eta maisua naiz horretan!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!