50. Durangoko Azoka

Gaur hasi da Durangoko Azokako Ikasle Egunean izena emateko epea

Anboto 2015ko ira. 21a, 10:33

Irailaren 21etik urriaren 3ra arte eman ahalko dute izena ikastetxeetako arduradunek, 50. Durangoko Azokako Ikasle Egunean parte hartzeko. Azokaren webgunearen bitartez egin ahalko dute ikastetxeek izen-ematea. Abenduaren 4an egingo dute Ikasle Eguna, Azokan, eta Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduriko hainbat ekitaldi burutuko dituzte.


Kontzertuak, solasaldiak, eta tailerrak antolatu dituzte, besteak beste, Ikasle Egunerako. Argitaletxe eta ekoiztetxeen Azokako erakusmahaietako ohiko eskaintzaz gainera, ikasleei zuzenduriko 25 saio baino gehiago hartuko ditu Durangoko Azokak, abenduaren 4an.

Zirko tailerra, eta bideoklipak ekoizten ikasteko tailerra dira aurtengo Ikasle Eguneko nobedadeetako batzuk. Bestalde, ikus-entzunezko lanen zein ipuin eta kanten bitartez zabaltzen diren balioen azterketarako gonbidapena ere egingo diete Durangora datozen ikasleei.

Aurten, gainera, lehenengoz parte hartuko du Durangoko Udal Liburutegiak Ikasle Egunean. Stop-Motion tailerra egingo dute, Azokaren lehenengo egunean, liburutegian.

Iaz, Euskal Herriko hainbat ikastetxetatik etorritako 1.200 ikasle baino gehiago elkartu ziren Ikasle Egunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!