Marcelo Katz argentinarrak maskara eta klown ikastaroak emango ditu San Agustin kulturgunean

Anboto 2015ko ira. 3a, 13:00
Katz (erdian, azalpenak ematen), eta iazko Topaklown jaialdiko ikastaro batean parte hartu zuten ikasleak, kide baten saioa ikusten. (Argazkia: Ane Jareño)

Durangon lehenago ere ikastaroak eskaini izan dituen Marcelo Katz aktore argentinarragaz klown eta maskara teknikak ikasteko aukera egongo da Durangoko San Agustin kulturgunean, irail amaieran. Durangoko San Agustin kulturguneak eta Ganso & Cia Durangoko antzerki konpainiak udaberrian antolatu zuten Topaklown jaialdiaren hirugarren edizioaren jarraipena dira ikastarook.

Iraileko eskaintza berri honi esker, ikastaro bi gidatuko ditu Marcelo Katz aktore argentinarrak, Durangoko antzokian: irailaren 26an eta 27an, maskararen antzerkiko erabilpenari buruzko ikastaroa emango du, eta klown teknikari buruzkoa, irailaren 28tik urriaren 1era.

Goizez eta arratsaldez egingo dituzte maskara ikastaroaren saioak, eta goizez bakarrik, klown ikastaroarenak. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ez da ezelako aurretiazko esperientziarik behar bi ikastaroetan parte hartzeko. Interesa duen edozeinentzat dago zabalik, beraz, izen-ematea.

Aste barruan, goizez (09:30etik 15:00etara), 946 030 021 telefono zenbakira deituta eman ahalko dute izena ikastaroetan parte hartu gura dutenek, edo baita www.topaklown.com webgunearen bitartez, zein topaklown@gmail.com helbide elektronikora idatzita ere. Ikastaro bakoitzaren matrikularen prezioa 130 eurokoa da, baina bietan izena eman gura duenari, 220 euroko prezio berezia eskainiko diote.

Gorputzaren mugimenduen eta soinean daramaten maskararen arteko batasuna lortzeko helburuz jardungo dira maskara ikastaroan izena ematen duten ikasleak. “Tontotasunagaz jolastu” eta gozatzea da, Katz argentinarraren arabera, bestalde, klownaren helburua. Kode teatral horri buruzko San Agustin kulturguneko ikastaroan, “jolasteko ahalmena berreskuratu, eta tabu eta aurreiritziak alboratuta libre jardutea” izango dute helburu.

1986. urtetik, klownaren arloan dihardu Marcelo Katz aktore argentinarrak antzezle, zuzendari eta irakasle lanetan, baina dantzaren, musikaren eta zirkoaren arloan ere ibilitakoa da. Buenos Airesen (Argentina) klownaren arloan espezializaturiko antzerki eskola bat zuzentzen du, eta esperientzia zabala du, baita, Durangoko hauek bezalako ikastaroak zuzentzen ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!