Andra Mariko elizpea berrizteko lanak hasiko dituzte gaur

Anboto 2015ko uzt. 20a, 13:36

Uribarriko Andra Mari Basilikaren elizpeko zorua konponduko du Durangoko Udalak. Gaur hasiko dituzte lanak eta irailaren erdialderako bukatuko dituzte. Horrelak jakin eragin dute udal arduradunek ohar baten bitartez. Guztira 500 metro koadro berriztuko dituzte, eta 40.000 euroko dute horretarako.

Basilikaren elizpeko lurzoruan "nahaspilatutako" harlauzak eta errekarriak konponduko dituzte. Horretan oinarrituko dira eraberritze lanak. Lurzoruan dauden harrizko losak altxatuko dituzte eta berriro jarri; apurtuta daudenak kendu egingo dituzte eta berriak jarri. Horrela argitu dute udal ordezkariek. Aurreikusi dute harrizko losen %90a berrerabiltzeko moduan izango dela. Esan bezala guztira 500 metro koadro berrituko dira.

Uribarriko Andra Mari basilikaren elizpeko lurzoruak labirinto bat marrazten du, diotenez erromesaldietan parte hartu ezin zuten durangarrek beraien bekatuak askatzeko erabiltzen zutena. Hori ere konponduko dute eraberritze lanen barruan. Durangoko Udalak irisgarritasuna bermatu gura dugu lanokin.

Francisco Eguiak, 40 urtez Durangoko Udaleko peritua izan zenak, diseinatu zuen 1938. urtean labirinto hori. Tenplarioen garaiekin lotutako obra da, 40.hamarkadan eraiki zen arren. "Antzina Santiago de Compostela edo Erroma bezalako Lurralde Santuetara joaten ziren erromesaldian eta ibilbidea egiterik ez zutenek katedraletako eliz atarietara hurbiltzen ziren, labirintoetara. Barkamena labirintoaren ibilde osoa burutu ostean erdiesten omen zen. Gauzak horrela, ibilibide sinboliko honen bitartez beraien damua adierazten zuten eta etxetik hurbil penintentzia egiteko beste aukera bat zen", argitu duten helerazitako oharrean.

Eraberritze lanak amaitu artean ezingo da inolako ekitaldirik antolatu eremu horretan.

 

Uribarriko Andra Mari

Isabel Erregina Katolikoak XV. mendean Durangora egindako bisitaren kronikan ere aipatzen dute Uribarriko Andra Mari basilika. Monumentu nazionaltzat jo da, eta Euskal Herriko obrarik apartenetakoa da, azaldu dutenez. Haren portiko "ederra" nabarmentzeko da, Euskal Herriko handiena-eta.

Aipatzekoak da baita estilo erromanistako aldare nagusiko erretaula ere. Anchietaren ikasle izan zen Martin Ruiz de Zubiatek egindako artelana da eta Bizkaiko adibide ederrenetarikoa da. Erdiko apainduretan babestuta dago Uribarriko Andra Mariaren taila, Durangoko zaindariarena. Imajina hori gotiko berantiarrean egin zuten.

Aipagarria da, halaber, Errege-erregina Katolikoen estiloko korua, elizako jatorrizko elementurik zaharrena da-eta. Tenpluaren atalik zaharrena gotiko-errenazentista da, hainbat konponketa eta zabaltzeren emaitza. XV. eta XVI. mendeen arteko jauzian ohikoa zen estilo-nahaste hori. XVII. mendeko lehenengo laurdenean erabat aldatu zuten tenplua, eta bigarren eraikuntza-etapa hori da egungo elizak islatzen duena, hain zuzen, estilo klasizista-barrokokoa.

 

Berreraikuntzan sona handiko arkitektoek parte hartu zuten, esaterako, Juan Sebastian Urizarzabalak edo Juan Ansolak. Portikoa, bestalde, Baraincua eta Gabiria maisuen diseinu-lana da. 1937ko martxoaren 31n Durangok jasan zuen bonbardaketaren ondorioz, kalte handiak izan ziren tenpluan: portikoa eta eraikinaren zatirik handiena guztiz suntsituta gelditu ziren; absideak eta koruak izan zuten kalte gutxien.

Hartara, gerrostean eliza berreskuratzeko lanei ekin zieten. Andra Mari plaza ere nabarmendu dute udal arduradunek. Durango erdi-erdian kokatuta dago eta inguruan hainbat eraikin interesgarri daude, esaterako, Barrenkaleko 8.ean dagoen etxe dotorea, XVIII. mendeko Bizkaiko barroko ilustratuaren erakusgarria. Etxe hori Bizkaiko lehenbiziko eraikina izan da altxatu zuten egunetik auzo-etxebizitza izan dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!