Durangoko Udaleko liberatuek Madril eta Bartzelonako alkateek baino gehiago kobratuko dute

Anboto 2015ko eka. 30a, 18:42

Durangoko Udalean liberatuko diren zinegotziek, urteko 56.000 euro kobratzen jarraituko dute, EAJ, PSE-EE eta PPk mozioan onartu eta gero. EH Bilduk 36.000 eurora murriztu gura zituen soldatak, eta Herriaren Eskubideak 26.000 eurora. Alkateaz aparte, alderdi bakoitzak liberatu bat edukiko du lanaldi osora.

EAJ eta PSE-EEk Eudelen oinarriak hartu dituzte kontuan udaleko liberazioen soldatak proposatzerakoan. Horrela, aurreko legealdiko kopuru bera mantenduko da. PPk ere proposamen hori babestu du. Baina ez dira iritzi berekoak EH Bildu eta Herriaren Eskubidea. Jon Andoni del Amok (EH Bildu) adierazi du gaur egun soldata horiek "iraingarriak" direla, eta horren aurrean, soldata "justu eta duina" eskatu du: "Justua guretzat eta herritarrentzat". Koalizioaren soldata proposamenerako erreferentzia, administrari baten soldata oinarritik hartu dute, eta liberazio kopuruak ordezkaritzaren arabera ezartzea gura dute. Julián Ríosek (Herriaren Eskubidea), ostera, soldatak %50 bajatzea proposatu du. Bere arabera, modu horretan urtean 150.000 euro aurreztuko lituzte udalak. Gainera, 56.000 euroko soldata, Durango lako herri batentzat "neurriz kanpokoa" dela dio. "Durangoko liberatuek Madril eta Bartzelonako alkateek baino gehiago kobratuko dute", ohartarazi du. Ada Colauk 37.000 euro kobratuko ditu Bartzelonan, eta Manuela Carmenak 45.000.

Goiztidi Diazek (EAJ) eta Pilar Ríosek (PSE-EE) euren proposamena babestu dute. Ríosen ustez soldatak ondo daude, eta gogoratu du liberazioak alderdien lanerako tresnak direla. Gainera, EH Bildu kritikatu du, udal hitzarmena kasu honetan zergatik ez duen babesten galdetuta. Del Amok erantzun dio jeltzale eta sozialistek iazko Enplegu Planean ez zutela hitzarmena bete, eta beharginekin ez bazen beharrezko orain zergatik ote den galdetu dio. Diazek EH Bildu kritikatu du, urteak atzera ezker abertzalea liberazioen kontra zegoelako.

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!