"Sei ikuskizun oso delikatu", kalera aterako ditu, uztailean, San Agustinek

Anboto 2015ko eka. 24a, 12:15

Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak aurkeztu dute, gaur, uztailean arte eszenikoen emanaldiak aretotik kalera aterako dituen Uda Kalean Bizi egitaraua. Musika, zirko eta dantza garaikideko ikuskizunak dira, doan, Durangoko plaza eta parkeetan eskainiko dituztenak.  

San Agustin kulturgunetik programatu dituzten sei ikuskizun, eta Kriskitin dantza taldeak uztailero antolatzen duen Durangon Folk dantza emanaldia biltzen ditu Uda Kalean Bizi jaialdiaren aurtengo programazioak.

Arantza Arrazola San Agustin kulturgunearen arduradunaren berbetan, "sei pieza oso delikatu dira dakartzagunak, 1.999. urtean programazio hau lehenengoz antolatu genuenetik, delikatuena". Hain zuzen, "formatu txikiko oso proiektu berezia delako", uztailaren 9ko Germán Díaz musikariaren saioa azpimarratu du Arrazolak: "Bihotzen taupaden erritmoak oinarri hartuta sorturiko musika" eskainiko du Díazek, Kurutzesantu Museoko berdegunean. Musikarekin jarraituz, Chicagotik Andra Mariako elizpean kantatzera etorriko den Velma Powell blueslariaren eta Bluedays bere taldearen kontzertua ere azpimarratu dute: "Oso indar handiko abeslaria da, merezi du entzutera etortzeak". Uztailaren 16an, izango da emanaldi hori. 

Eskualdeko artisten lana ikusgai

Endika Salazar eta Barbara Govan Durangaldeko sortzaileen Spazi...o ikuskizuna, eta Javier García Mimo zaldibartarraren Eskobien atzetik lanak ikusteko aukera ere badakar Uda Kalean Bizi programazioak. Malabareak eta akrobaziak egingo dituzte Dikothomia taldeko Salazar eta Govanek, uztailaren 11n; eta ume zein helduei zuzenduriko emanaldia eskainiko du Garcíak, uztailaren 19an.  

Kubako erritmoekin hasi eta amaituko da, aurtengo Uda Kalean Bizi: uztailaren 3an, D'Capricho bikoteko Daniellis eta Danieuris Moya Ávila musikariena izango da lehenengo emanaldia, eta uztailaren 25ean, Durangoko Kriskitin dantza taldeak eta Kubako Camagua taldeak eskainiko duten dantza emanaldiak itxiko du aurtengo edizioa.

Uztailaren 24an, bestalde, Leioako iazko Umore Azokan eta aurtengo Feten lehiaketan ere saritu duten Rudo iikuskizuna eskainiko du Manolo Alcántara ekilibrista kataluniarrak, Durangon. Zuzeneko musika du ikuskizun horrek.

 

EGITARAU OSOA:

Uztailaren 3an, 20:30ean, D'Capricho bikotearen Son en sus poemas, Tabira parkean.

Uztailaren 9an, 20:00etan, Germán Díazen Método Cardiofónico, Kurutzesantu Museoean.

Uztailaren 11n, 20:00etan, Dikothomia taldearen Spazi...O, Musika eskolako parkean.

Uztailaren 16an, 21:30ean, Velma Powell & Bluedays, Andramariko elizpean.

Uztailaren 19an, 19:00etan, Cia Barré-ren Eskobien atzerik, udaletxeko plazan.

Uztailaren 24an, 20:00etan, Manolo Alcántararen Rudo, Musika eskolako parkean.

Uztailaren 25ean, 20:30ean, Durangon Folk: Kubako Camagua eta Durangoko Kriskitin dantza taldeak, Santana plazan.

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!