Silvia Trigueros eta Eider Gorritxategi mendi lasterketen Espainiako txapeldun

Anboto 2015ko eka. 16a, 15:07

Durango Kirol Taldeagaz 35 urtetik gorakoan eta juniorretan jantzi dute txapela.

Durango Kirol Taldeak sekulako emaitzak lortu ditu Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan. Joan zen asteburuan Esgosen (Ourense, Galizia) jokatutako proban Silvia Trigueros abadiñarra 35 urtetik gorako proban nagusitu zen eta Eider Gorritxategi durangarrak junior mailako txapela jantzi zuen.

Bakarkako lorpenak ez ezik, taldekako emaitzak ere azpimarragarriak izan ziren: emakumeetan zein gizonetan bigarren geratu zen Durango Kirol Taldea, eta, beraz, Espainiako azpitxapeldun geratu ziren. Gizonetan, Durangaldea Running taldeak ere merituzko bosgarren tokia lortu zuen taldekako sailkapenean.

Emakumeen probak zortzi kilometro izan zituen. Garazi Sampedro atxondarra izan zen Durango Kirol taldeko aurrenekoa 13. tokian: 46.24. Ondoren, Silvia Trigueros helmugaratu zen (46.51) eta Eider Gorritxategik 18. tokian amaitu zuen: 49.32.

Gizonetan Oier Ariznabarreta durangarrak seigarren amaitu zuen (51.11) eta probako errekorra hobetzetik segundo bakarrera geratu zen. Udaberri exigente baten ostean atseden hartu eta oraintsu hasi da berriro entrenatzen eta oraindik bere sasoirik onenean ez dagoen arren, aurrealdean aritzeko adina indar batu zuen. Ibon San Miguel , Ekaitz Kortazar, eta Aitor Mimenzak ere puntuak batu zituzten Durango Kirol Taldearentzat.

Durango Kirol Taldeko gizonak podiumean

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!