Durangoko Kriskitin taldekoek aurreratu dutenez, Jone Alberdi eta Unai Lizarralde dantzariek egingo dute zapatuko antzezpenean ezkontideen papera. Ezkongaiekin batera, gonbidatuen, familiakoen eta antzinako ezkontza batean parte hartzen zuten beste pertsonaje guztien paperak egingo dituzte Kriskitineko dantzariek.
San Agustin kulturgunean hasiko da, zapatuan, 12:00etan, jaia. Ezkontzan parte hartuko duten kide guztiak elkartuko dira bertan, eta idiek eramango duten gurdiagagaz ibiliko dira goizean, Durangoko kaleetan zehar. San Agustinetik, musikak lagunduriko kalejiran abiatuko dira. Jaizale taldeko txistulariak, Txiri-Txiri taldekoak eta trikiti eta pandero eskolako ikasleak gonbidatu dituzte kalejira musikagaz girotzera. Kalejiran zehar egiten dituzten galdialdietan dantza emananaldi laburrak eskainiko dituzte Kriskitineko dantzariek.
Ezkurdi plazatik, Montebideo, Altuna Musikaria eta Kurutziagatik kalejiran ibili ondoren, Artekaletik Santa Ana plazaraino abiatuko dira, eta arreoa irakurriko du notarioak ekitaldira gerturatzen diren guztien aurrean.
Bartolome Ertzilla Musika Eskolako berdegunean elkartuko dira, ondoren, ezkontzan parte hartzen duten eta nahi duten herritar guztiak, bazkaltzera. Bazkalostean, berdegune horretan bertan, dantzan, amaituko dute eguna, AIKO taldearen erromeriagaz.