EH Bildu alkatetzara aurkeztuko da Dani Maeztugaz

Anboto 2015ko eka. 9a, 17:24

Larunbatean egingo da udalen osaketa, eta Durangon, EH Bilduk bere hautagaitza aurkeztuko du, hauteskundeak irabazi ez arren. Dani Maeztuk adierazi du beste alderdi batzuekin berba egiten dabiltzala, baina ez du akordiorik aurreratu.

Joan zen astean asanblada egin zuten EH Bilduko kideek, eta bertan erabaki zuten alkatetzarako hautagaitza aurkeztea. Ezkerreko abertzaleek inoiz zerrenda bateratu batekin lortutako emaitza onenela dela baloratu dute. Eider Uribek eta Dani Maeztuk egin dute berba prentsaurrekoan, euskaraz eta gazteleraz: "4.300 botoren babesa izan dugu. Ez gara zerrendarik bozkatuena izan, baina uste dugu lehenengo egunetik Durango aldatzeko esfortzua egin behar dugula". Ez dute akordiorik aurreratu, baina boto gehiago lortzeko modua ikusten dute: "Badakigu aldaketaren aldeko mezua eta apustua ez dela EH Bildurena bakarrik izan".

Koalizioko kideen ustez, udaleko erabakiak herritarrekin batera hartzea "ezinbestekoa" da: "Politika ulertu eta egiteko moduak aldatu behar direla uste dugu". Herritarren beharrizanei lehentasuna eman behar zaiela esan dute, etxebizitza edota auzoetako bizilagunen aldarrikapenak adibide lez ipinita. Kanpainan hartutako 201 konpromisoak betetzeko lan egingo dutela azaldu dute.

Zapatuan EAJk izango du indar gehien, zortzi zinegotzigaz, EH Bilduko zazpiren aurrean. Beraz, PSE-EE, Herriaren Eskubidea (Podemos) eta PPk hartuko duten jarrerak argituko du alkatetza. Baina alkatetza lortzen ez badute ere, baikor agertu dira EH Bilduko kideak: "Arinago edo beranduago, badakigu aldaketa Durangora helduko dela". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!