Enpresen arteko 'networking' proiektua aurkeztu dute Durangon

Anboto 2015ko eka. 9a, 11:49

Balioa, negozioa eta lana bultzatzea helburu duen BNI Koopera Bizkaia proiektua aurkeztu dute gaur goizean  Durangon. Inguruko 200 enpresari baino gehiagok interes handiarekin jarraitu dute networking proiektuaren aurkezpena. Enpresa eraikitzaileak, kontsultoriak, arkitektuak, arotzak... arlo ugaritako profesionalak elkartu dira Gran Hotelean goizean goizetik jarritako hitzorduan. Aitziber Irigoras Durangoko jarduneko alkatea eta Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko jarduneko presidentea ere ekitaldian izan dira.

Momentuz, inguruko 32 enpresek parte hartzen dute Torrealday aholkularitzak martxan jarritako proiektuan. Helburua baina, 50 enpresa baino gehiagoko proiektuagaz bat egitea da. Jose Antonio Cano BNIko zuzendariak azaldu duenez, Torrealday aholkularitzan bezeroek negozioa sortzen laguntzea eskatzen zieten. “Bizirauten" lagunduko zieten norbait behar zuten. “BNIren filosofia ezagutu genuen eta interesgarria zela iruditu zitzaigun”. Gizpuzkoan hiru talde sortu dituzte Donostian, Irunen eta Beasainen. Bizkaian berriz, Bilbon eta Algortan talde bik dihardute. Durangokoa EAEko seigarren taldea da, eta helburua haztea da.

BNI erreferentzien marketina da. Izan ere, enpresen %98 erreferentzien menpe dago. Enpresen %3k bakarrik du estrategiaren bat erreferentzia berriak sortzeko. Programa honek erreferentzia kualifikatuak lortzen laguntzen du. Beraz, harreman profesionalak dituzten bezeroen klub bat da. Ematen dutenek jasoko dute da programa honen goiburua.

BNIren funtzionamendua baserritarren lanarekin alderatu zuen Canok: “Lehenengo lurra prestatzen dugu, erein egiten dugu, zaindu egiten dugu eta ondoren fruitua jasotzen dugu”.  BNI taldeetan komisioak debekatuta daude. Zor bat sortzen da, baina zor hori ez da ekonomikoa. Aktibitate profesional bakoitzeko kide bat dago, beraz, ez dute konpetentziarik sortzen.

Nazioartean arrakastatsua
BNI munduko networking erakunde arrakastatsuena dela azpimarratu du Canok. 60 herrialdetan martxan dago, eta 7.100 talde baino gehiago batzen dira astero-astero. 180.000 enpresarik parte hartzen dute mundu osoan banatutako taldeetan.

BNIko arduradunek aurreratu dutenez, Iñigo Urkullu lehendakariari eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei proiektu honen berri emateko asmoa dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!