Ilustrazio garaiko ganbera musika bildu du Khantoriak azken diskoan

Anboto 2015ko eka. 8a, 10:00

Ekainaren 11n, Durangoko Kurutzesantu museoko kontzertuan aurkeztuko du Khantoria hirukoteak Klabezinbaloa lagunduz izeneko disko berria.

Khantoria hirukoteak Klabezinbaloa lagunduz izeneko diskoa aurkezteko lehenengo emanaldia eskainiko du Durangoko Kurutzesantu museoan, ekainaren 11n, 19:30ean. Hurrengo egunean, 20:00etan, Bilboko Enkarnazio elizan eskainiko du bigarrena. Egun bi horietan ipiniko ditu taldeak disko berriaren lehenengo aleak salgai.

Ilustrazio garaian,teklatuagaz jotzeko Euskal Herrian idatzitako ganbera musikako konposizioak bildu dituzte disko berrian Ander Berrojalbiz biolinista durangarrak, Maider López biola-jotzaileak, eta Virginia Gonzalo klabezin-jotzaileak. Juan Andrés Lonbideren (1745-1811) partiturak oinarri hartuta sortu dituzte Khantoriakoek kantuok. Euskal Herrian dagoen klabezin zaharrenagaz, 1743. urteko instrumentuagaz, egin zuten grabazioa.

Musikariek azaldu dutenez, “entzulea XVIII. eta XIX. mendeen arteko ganbera musikara gerturatzeko asmoz” sortu dute Klabezinbaloa lagunduz diskoa. Gainera, musika jasotzat hartzen dena eta herri musika askok pentsatzen dutena baino hurbilago daudela erakutsi gura dute Khantoria taldekoek, eta, horregatik, herri kantak ere eskainiko dituzte datorren astetik aurrera emango dituzten kontzertuetan. Khantoriak ohi duen bezala, musikaren historiagaz loturiko taldearen ideiak, hipotesiak eta kanten inguruko azalpenak ere emango dituzte zuzenekoetan.

Europako musika eskola entzutetsuenetan trebaturiko hiru musikari gaztek osatzen dute 2008tik antzinako musika sortzen duen Khantoria hirukotea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!