Basoan txirrindularientzako tranpak jarri dituztela salatu du Sapubike taldeak

Anboto 2015ko eka. 4a, 10:25
Sapubike elkarteko kideak baso bideetatik enborrak kentzen.

Ekainaren 28rako mendi bizikleta proba antolatzen dabil Sapubike elkartea, eta hasi dira lasterketarako zirkuitua prestatzen. Prestaketa horietan, baina, bidean txirrindulariei traba egiteko “apropos” jarritako harriak eta enborrak topatu dituztela azaldu dute, eta ez dela lehenengo aldia: Sapubike martxa antolatu duten lau urteotan urtero gertatu zaizkie horrelakoak.

Mendi bideetan jarritako trabak "oso arriskutsuak" direla ohartarazi dute Sapubike taldekoek, eta iaz izandako tranpa bat aipatu dute bereziki: pinu biren artean alanbre bat jarri zuten metro bateko alturan, eta horren eraginez, txirrindulari batek istripua izan zuen; "zorionez, ez zen larri zauritu, bizikletak kalte handiak izan zituen arren". Iazkoan, gaia hartzen zebilen seriotasuna ikusita, Sapubike taldekoek salaketa jarri zuten Ertzaintzan.

Aurten ere arazo bera izaten dabiltzala azaldu dute. Ekainaren amaierarako mendi bizikleta proba prestatzen hasi direnean ikusi dituzte lehen trabak. Harriak, makilak eta enborrak bidetik kendu, eta handik egun batzutara berriro leku antzerakoetan eta gehiagotan jarri dituztela kritikatu dute. Bidexketatik ibiltzen den edonorentzako arriskutsua dela adierazi dute, eta "benetan istripu larri bat jazo aurretik prentsara jotzea pentsatu dugu, denon artean horrelako delitu-jarduerak ea gera ditzakegun".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!