David Cantalejoren 'Akelarre' obrak irabazi du Durango Hiria lehiaketa

Anboto 2015ko eka. 4a, 12:03
Sahatsa taldearen dantzaldiak itxiko du emanaldia.

Durangoko Euskal Astearen barruan Silboberri elkarteak antolatzen duen kontzertuan banatuko dituzte Durango Hiria lehiaketako sariak. Ekainaren 6an, 19:30etik aurrera, San Agustin kulturgunean, izango da hitzordua.

Hiru zatiko emanaldia izango da, zapatukoa; lehenengoan, Jon Ansorena eta Maite Sagastibeltza txistulariek, Maria Zubimendi akordeonistak eta Gorka Catediano perkusionistak joko dute. Mikel Chamizo, Gabriel Erkoreka, Sydney Hodkinson eta David Cantalejoren obrak eskainiko dituzte.

Emanaldiaren atsedenaldian egingo dute Silboberri txistu elkarteak antolatzen duen Durango Hiria lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. David Cantalejoren Akelarre lanari emango diote 3.000 euroko lehenengo saria, Francisco Jose Dominguezen Seis miradas obrari 1.500 euroko bigarrena, eta David Cantalejoren 7 miniaturas para txistu y piano lanari 750 euroko hirugarren saria.

Emanaldia borobiltzeko, Azkoitia eta Azpeitiako dantzarien Sahatsa taldeak Gure ikuskizunen laginak izenburuko saioa eskainiko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!