Euskadiko Gimnasia Erritmoko Txapelketa jokatuko dute Durangon

Anboto 2015ko mai. 28a, 09:12

Datozen bi asteburuetan, Euskadiko Gimnasia Erritmikoko Txapelketa jokatuko dute Durangon. Hilaren 31n, amateur mailakoek eta kadete mailakoek hartuko dute parte, eta, ekainaren 6an, gazte mailako eta senior mailako kirolariek.

Durangoko Uztai taldea izango da Durangaldeko talde bakarra. Bertako kide den Miren Barturenek dio taldekideen helburua gauzak ahalik eta ondoen egitea dela: “Hainbeste gauza egiten dituztenez, huts txiki bat nahikoa izaten da sailkapenaren goiko postuetatik behekoetara jaisteko”, azaldu du.

Kadete mailan, Bizkaiko Txapelketan laugarren sailkatu zen Ane Grandek postu on bat lortu dezake. Senior mailan, berriz, aipatzekoa da Bizkaiko txapelduna den Ane Tranchok parte hartuko duela. Gainera, taldekako lanean ere maila ona eman du aurten, oro har, Uztai taldeak, kategoria guztietan.

Barturenen ustez, sailkapenak ez du garrantzirik. “Gazteek kirola egitean disfrutatzea da gure helburua”.
Ikasturte amaierako erakustaldiagaz amaituko du taldeak denboraldia, ekainaren 13an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!