Durangaldeko ikerlariak Ikergazte ikerlari gazte euskaldunen plazan

Anboto 2015ko mai. 15a, 09:27

Gaur eguerdian amaituko da Landako Gunean Ikergazte ikerlari euskaldunen kongresua. Euskal Herriko 200 ikerlarik hartu dute parte, bertan. Nerea Mandaluniz, Itsasne Bustillo, Iraultza Unzueta eta Ainhoa Diez ekimen horretan parte hartu duten Durangaldeko lau ikerlari gazte dira. Ikergazteren bidez, lanean zer egitasmo lantzen dabiltzan azaldu ahal izan dute, euskaraz. Izan ere, gero eta gehiago dira azterketa zientifikoak euskaraz egiten dituzten ikerlariak. 

Askotan esan izan da herri batek aurrera egin gura badu, ikertu egin behar duela. Bada, Euskal Herrian makina bat ikerlari dabiltza lanean. Gainera, gero eta gehiago dira euren azterketa zientifikoak euskaraz idazten dabiltzan gazteak. Ikerlari gazte eta euskaldunen lan hori bistaratzeko asmoz, Ikergazte kongresua egin dute Durangon, Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta. Eguaztenean hasi eta gaur eguerdira arte 200 bat ikerlarik parte hartuko dute Landako Gunean egindako aurkezpenetan.

Ikergazte kongresuko batzorde zientifikoan parte hartu du Gabriel Ibarra EHUko irakasle elorriarrak, ingeniaritza alorreko artikuluak zuzentzen. Gainera, kongresuan bertan ere aurkezpen saio bat dinamizatu du. “Ikasle gazteak dira aurkeztu direnak, tesia egiten edo lerro berriak zabaltzen dabiltzanak. Baina harrituta geratu naiz, nahiko kalitate onekoak direlako”.

Ibarraren ustez, beharrezkoak dira horrelako kongresuak euskarazko ikerkuntza sustatzeko. Kontatu duenez, azken urteetara arte, euskarazko ikerketa hizkuntzalaritzara mugatuta egon da, batez ere.
Ibarra bera ere ikerkuntzan dabil, energia berriztagarrien inguruko ikerkuntza talde batean; itsasoko olatuen indarra hobeto gestionatzeko azterketa bat egiten dabiltza. Ikerkuntzak herrialdeen garapenean daukan garrantzia nabarmendu du: “Ikerkuntza bertan egin, bertan geratu, eta produktu eta jarduera berriak bertan garatu; hori da aberastasuna sortzeko modu bakarra”. Horren adibide dira Ikergazten parte hartu duten Durangaldeko ikerlariak.

Itsasne Bustillo: "Garrantzitsua da zelulak zelan dauden erregulatuta ikastea, gero botikak garatu ahal izateko"

Biokimika ikasi ostean, medikuntza eta biologia molekularrean barneratu da Itsasne Bustillo, Abadiñora bizitzen etorritako gueñestarra. EHUren eta CSICen arteko talde mixto batean dabil lanean.

Zelulen inguruko proiektu batean zabiltza lanean. Zer helburu daukazu?
Heriotz zelularrean inplikatuta dauden proteinen familia bat aztertzen du gure taldeak. Ni BOK proteinagaz lanean nabil, eta ikusi dut, zeluletan heriotza eragiteaz gainera, mitokondrioan (zelula barneko organulu bat) morfologia aldaketa bat eragiten duela. Heriotz zelularra garrantzitsua da, zelulak normalean hil egin behar direlako prozesu normalak mantentzeko. Minbiziaren estiloko gaixotasun batzuetan, zelulak ez dira behar bezala hiltzen. Horregatik, oso prozesu garrantzitsua da zelulak zelan dauden erregulatuta ikastea, gero botikak garatu ahal izateko. Gure ikerketaren kasuan, zelulak behar baino gehiago hiltzen dira.

Lana aurkeztu beharrean, poster bat ipini duzu kongresuan.
Bai. Aurkezpenez aparte, erakusketa bat egon da, eta hainbat proiekturi buruzko informazioa posterretan ipini dugu. Lanaren laburpen bat ikusi ahal izan da.

Zelan ikusi duzu kongresua euskaraz izatea?
Orain arteko kongresuetan ingelesez edo gaztelaniaz egin izan da. Horrela, euskara bigarren mailako hizkuntza gisa geratzen da. Nire tesia eta beste lankide batena nazioarte mailakoak izan dira, baina, ingelesez gainera, euskaraz idatzi ditugu.

 

Ainhoa Diez: "Familia osoari eragiten dion gertakaria da langabezia"

Gizarte Langintza ikasketa eta Familiekin Esku-hartzea masterra ikasi ostean, langabeziak familiengan daukan eragina aztertzen dabil, doktoretza tesian, Ainhoa Diez.

Zertan datza zure ikerketa?
Langabeziak familian daukan eragina aztertzen nabil, baina, batez ere, langabeziaren ondorioei zelan egiten dioten aurre ikusi gura dut. Arlo ekonomikoaz aparte, lanak funtzio psikosozial batzuk ditu: nortasun bat ematen dizu, estatusa, talde batean kokatzen zaitu... Funtzio horien galerak buru-osasunean eragina dauka; autoestimuan, adibidez. Depresioekin ere lotu izan da. Bestalde, hartu-emanetan ere eragiten du, zure osasuna besteengan proiektatzen duzu eta. Zure inguru hurbilena familia da, eta, horregatik, familia osoari eragiten dion gertakaria da langabezia.

Zergatik langabeziaz?
Gugandik hurbil dagoen gai bat aztertu gura nuen –denok ezagutzen dugu langabezian dagoen jendea–, eta, batez ere, alde positiboa landu nahi nuen: Zelan aurre egin egoera latz bati? Norengandik jasotzen dute laguntza? Lagunengandik edo Gizarte Zerbitzuetatik? Zer laguntza mota ematen dute? Diru-laguntzekin nahikoa da edo sostengu emozionala behar da?

Zer balorazio egiten duzu kongresuaz?
Nire ustez, kongresu hau berezia da, ikerketan gabiltzan euskaldunoi ahotsa ematen digulako. Gure lanak geurea den hizkuntzan ezagutarazteko aukera ematen digu.

 

Iraultza Unzueta: "Euskarazko literatura zientifikoa sortzea garrantzitsua iruditzen zait"

Fisika eta Elektronika ikastetak egin, master bat amaitu, eta orain doktoretza egiten dabil Iraultza Unzueta. EHUko ikerketa talde bategaz dabil lanean, interes teknologikoko materialen propietateak aztertzen.

Zer proiekturen berri eman duzu Ikergazte kongresuan?
Teknika nuklearraren bidez, interes teknologikoko materialen propietateak aztertzen ditugu. Gero, propietate horiek forma solidoen izaeran daukaten eragina aztertzen dugu. Nik, adibidez, memoria formadun aleazioen aurkezpena egin dut. Tenperaturaren arabera, trantsizio bat edukitzen dute, eta atomoak desberdin antolatzen dira. Beroa edo lur magnetiko bat aplikatuta, material hori handitu edo txikitu dezakezu. Baina, materiala oso desordenatuta badago, guztiz askatzen da. Horregatik, desordena hori zer puntutaraino den kritikoa ikertzen gabiltza. Bestalde, isolatzaile topologikoen inguruan ere egin dut berba.

Zertarako balio dezake zure ikerketak?
Aplikazio teknologikoetan erabili ahal diren materialen propietate funtzionalak optimizatzeko balio dezake.

Artikulu zientifikoak euskaraz argitaratzeak zer onura ekarri dezake?
Euskarazko literatura zientifikoa sortzea garrantzitsua iruditzen zait, dibulgaziorako erabilgarria izan ahal delako; institutuko ikasleentzat, adibidez. Normalean, ingelesez argitaratzen dira artikuluak, eta euskaraz ezer gutxi dago.

 

Nerea Mandaluniz: "Larreak. goldatu eta aldatu beharrean, zelan kontserbatu aztertzen gabiltza"

Neiker Tecnaliako ikerlaria da Nerea Mandaluniz. Bere ikerketak nekazaritzan eta ingurumenean eragina eduki dezake.

Artalde bategaz belarraren hobekuntza ikertzen zabiltza, ezta?
Lurzoruaren kalitatea txarto dagoen lekuetan, leheneratzea da helburua. Gutaz gainera, Urduñako eta Orreagako beste talde bi ere badabiltza. Larreak, goldatu eta aldatu beharrean, zelan kontserbatu aztertzen gabiltza, karbono fijatzaile handiak direlako eta biodibertsitate oso handia dutelako. Kontserbatzeko, ereite prozesu zuzenak egiten ditugu, espezie iraunkorrak ereinda eta etxeko konpostagaz soilik ongarrituta. Gero, larratze sistema bi probatzen gabiltza: librea eta birsorkuntza bidezkoa. Azken horregaz belar gehiago sortzen dela ikusi dugu, esparru eta argi berbera eduki arren. Horrela, artzainak belar gutxiago erosi beharko du. Belarraren kalitatea mantentzen da, eta ardiek berdin produzitzen dute. Baina karbono gehiago hartzen du; beraz, ingurumenari begira ona da.

Zelan ikusten duzu kongresua?
Askotan AEBetara begira egoten gara, eta hemengo fakultateren batean egon ahal da behar duzuna. Gainera, jendea ezagutzea aukera ona da.  

Eta euskarari dagokionez?
Guri pasatzen zaiguna da artzainekin tratua euskaraz edukitzen dugula, baina gero idatzizko lan gehienak ingelesez edo gaztelaniaz doazela. Horregatik, Ikergazte kongresua sekulako aukera da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!