San Agustineko emanaldien ostean, maiatzaren 18an eta 19an, Durangoko beste ikastetxe batzuetako ikasleentzako emanaldi bereziak egingo dituzte. “Proiektu honek urte asko dauzka, eta hasieran Durangoko ikastetxe gehienetatik etortzen ziren emanaldira”, azaldu du Jose Martin Urrutia Txotxe proiektuaren bultzatzaileak. “Duela urte batzuk krisialdi moduko bat egon zen, eta aurten berriro lortu dugu ikastetxe askotatik etortzea gure lana ikustera. Ez dugu hartu-eman hori apurtu gura”.
Teknologiaz gogoeta
Bi ikuskizun dira, eta 40 ikasle dabiltza lanean. Fig konparsillaren asmakizun mundiala da lanetako bat. “Munduari sistema operatibo berri bat aurkeztuko diogu”, aurreratu du: “Birziklaturiko materialekin egindako software eta hardware sistema garatu dugu: piper eta esparrago poteak telefono mugikor bilakatu ditugu!”.
KlinK izeneko bigarren ikuskizunean, bestalde, “gure komunikatzeko moduetan teknologia berriek zer eragin duten” kontatuko dutela azaldu du Txotxek. Galdera bat planteatuko diete gazteek San Agustinera bertaratzen direnei: “Benetan aldatu gaituzte teknologia berriek, ala lehengoak gara muinean?”.
Aktore zein dantzari lana egiteko, taldeko 40 kideak igoko dira gaur eta bihar San Agustineko oholtzara. Taldeko partaide gehienentzat antzerkiagaz eta oholtzagaz daukaten lehenengo hartu-emana da hau.
Txotxek proposaturiko testu zirriborroaren bueltan ekin zioten, ikasturte hasieran, asteburu honetan aurkeztuko duten obra sortzeari. Hiru tailerretan ibili dira: koreografiak lantzen dituen taldea dago batetik, atrezzoa sortzen duena bestetik, eta istorio guztiari lotura emango dion dramatizazioa jorratzen duena, azkenik. Astean lau eskola-ordu ematen dituzte antzerki tailerrean. “Ordu dezente dira, baina batzuetan ez da nahikoa izaten”, dio Urrutiak barrez.
Urtetako lanagaz antzerkia Kurutziaga ikastolako hezkuntza proiektuan txertatzea lortu dutela azpimarratu du. Izan ere, hezkidetzan aurrerapausoak emateko eta lan kooperatiboan jarduten ikasteko aukera paregabea eskaintzen du antzerki tailerrak, alderdi artistikoa lantzeaz gainera.“Gaur egun, eskari oso handia dago, ikasle gehienek gura dute antzerki tailerrean parte hartu. Baina egitura arazoak dauzkagu eskari handi horri erantzuteko, eta zozketa bidez osatu behar izaten dugu taldea”.