"Ez goaz lanera gaixotzera edo hiltzera. Duintasunez bizitzeko egiten dugu lan"

Anboto 2015ko api. 28a, 13:58

Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, silikosiaren aurkako prebentzio neurriak eskatzeko mobilizatu dira Fumbarri enpresako langileak. Fumbarrin, 2011tik gaurdaino langileen % 15i diagnostikatu diote silikosia. Galdategian hasi, eta Durangoko udaletxe aurreraino joan dira protestan, LABek deituta. Manifestazio amaieran  Juan Karlos Larrinaga LABeko delegatuak hartu du hitza. Prebentzioan lan egiteaz gain, gaur egun gaixo daudenei "aterabide duin bat" emateko eskatu du.

Prebentzio neurrien garrantzia nabarmendu du Larrinagak, "beste lankideak gaixotu ez daitezen", baina halakorik hartzeko asmorik ez dagoela azaldu du: "Barre egin digute aurpegira; datorren urtean ez dago inbersiorik egiteko asmorik". Are gehiago, bere hitzetan, "enpresa ireki zenetik ez dute inolako ahaleginik egin prebentzioan". "Ez goaz lanera gaixotzera edo hiltzera. Duintasunez bizitzeko egiten dugu lan"

"Fumbarrik marra gorri guztiak pasatu ditu"

Eguerdiko manifestazioan Asier Imaz LABeko industria arduraduna ere izan da. Imazen berbetan, Fumbarriko egoera "bereziki latza" da, eta zuzendaritzak horren aurrean ezer ez egitea kritikatu du: "silikosi gaitza ikertuta dago, prebentzio neurriak zaharrak eta ezagunak dira, eta neurriak ez hartzeko inbertsiorik ez egitea euren erabakia da; Fumbarrik marra gorri guztiak pasatu ditu".

Nabarmendu du, gaixoen datua 2011tik honakoa dela, eta diagnostikoa egiteko probak sintomaren bat egonez gero egiten direla: "Langile eta langile ohi guztiei egin beharko litzaieke azterketa". "Inpunitate egoera" kritikatu du, eta instituzioetatik ez dela zuzendaritza behartzen. Silikosiaren probak guztiei egiteaz gainera, prebentzio neurriak betetzea eskatu du, eta gaixorik dauden beharginentzako babes neurriak ere bai: "Lehenengo graduko gaixoentzat, silize hauts bako lanpostuak bermatzea gura dugu, eta bigarren graduko gaixoei, bizi baldintza duinak bermatzea".

Datozen hileetan silikosiaren kontra mobilizazioak deituko dituztela aurreratu dute. Maiatzaren erdlaldean emango dute ekintzen berri.  "Enpresa ireki zenetik ez dute inolako ahaleginik egin prebentzioan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!