Domekan igoera faseko bigarren partidua jokatuko du DRTk

Anboto 2015ko api. 25a, 10:00
Sevillako porrota ahaztuta, motibazio handiz daude DRTko jokalariak. (Argazkia: Jon Iglesias)

Durango Rugbi Taldeak igoera faseko bigarren konpromisoa  dauka domekan, 12:00etan, Arripausuetan, eta Sant Cugat taldea izango du aurkari.


Sevillan jasotako porrot mingarria gaindituta dagoela eta partidu hori jokatzeko irrikaz daudela adierazi du Ines Etxegibel entrenatzaileak: “Hamabost egun eduki ditugu errekuperatzeko, eta domekan aurreko partiduko akatsak zuzenduko ditugu: seguru nago”.

Sevillan ez bezala, partidu guztian intentsitate maila altua mantendu behar dutela azpimarratu du Etxegibelek: “Aurreko partiduan hogei minutu on egin ostean, ez genuen errematatzen jakin, eta, gero, horrek faktura pasa zigun”.

Horri buelta emateko, Etxegibelen ustez, “bai defentsan, bai erasoan, oreka mantentzea izango da gakoa eta erronka”.

Igoera fasea gaizki hasi bazuten ere, datozen bi partiduak etxean dituzte durangarrek, eta horri etekina ateratzen jakin beharko dute. Aurrean aurkari gogorra eta intentsitate handikoa izango dute, ordea. Sant Cugat taldeak Sevillari irabazi egin zion bere lehen partiduan (49-29), eta bigarren garaipenaren bila etorriko da Durangora.

DRTk, hurrengo partiduari aurre egiteko, ez du lesio garrantzitsurik. Bakarren batzuk minduta daude, denboraldia luzea eta gogorra izan delako, baina jokalari guztiak entrenatzailearen esanetara egongo dira, jokatzeko prest.

Hala ere, partidu gogorra izango da, eta guztien beharra izango dutela azaldu du entrenatzaileak. Ahal izanez gero, Arripausuetara hurbiltzeko gonbita luzatu die herritarrei: “Ea domekan jendea etortzen den eta harmailak bete-beteta ikusten ditugun; jokalarientzat babes handia da hori”.

Denboraldi biribila egin du orain arte DRTk, inork gutxik esperoko lukeen denboraldia.  Orain, azkenengo kolpea eman nahi dute durangarrek, igoera lortuta. Lehenengo pausoa aste honetan irabaztea izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!