Bete bako 15 mozio eraman ditu berriro bilkurara EH Bilduk

Anboto 2015ko api. 16a, 17:15

EH Bilduk (Bildu eta Aralar udal taldeak) eskatuta, ezohiko osoko bilkura egin dute gaur eguerdian, Durangon. Agintaldian onartu eta gero, bete ez diren hamabost proposamen eraman ditu berriro, koalizioaren ustez garrantzitsuak direlako. Guztiak atzera bota dituzte, EAJk eta PPk kontra bozkatu dutelako eta PSE-EE abstenitu egin delako.

EAJren gestioa kritikatu du Dani Maeztuk: “Onartutakoa exekutatu behar zuen gobernu taldeak, baina ez du egin”. Hauek dira berriro aurkeztutako proposamenetako batzuk: Landako Guneari izaera publikoa ematea, udal kontu orokorraz kanpo txostena egitea, Gasteizerako autobusaren gaian administrazioekin batzartzea, etxe kaleratzeak agintzen dituzten banketxeekin tratua etetea eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berriro aztertzea.

Berba, EH Bilduk bakarrik
Ezohiko udalbatzarra benetan berezia izan da. Izan ere, EH Bilduko zinegotziek bakarrik egin dute berba. Horregatik, koalizioko Ion Andoni del Amok “erantzukizun falta” egotzi dio EAJri. Eider Uribek, ostera, antzezpena egitea leporatu dio gobernu taldeari.

Eztabaida, kanpoan
Udalbatzarrean egon ez den eztabaida kanpoan gertatu da. Izan ere, EAJk prentsaurrekoa eman du udalbatzarraren aurretik. Goiztidi Diaz bozeramaileak egin du berba: “Lotsagarria da sekula inongo borondaterik eduki ez duten Bilduk eta Aralarrek antzezlan bat izango den osoko bilkura bat antolatzea”. Diazen arabera, “zarata” erabilita, herritarrak nahastea da koalizioaren helburua.

Bestalde, mozioekin eginiko kritikari erantzunez, gobernu taldeak agintaldian aurrera ateratako 27 ekimen gogoratu ditu Diazek. San Rokeko biribilgunea eta aparkalekua, aldaketa klimatikoaren aurkako programa, babeseko etxebizitzen kooperatibak, karkaben garbiketa eta Durangoko Azokari diru-laguntza handitzea dira garatutako ekimen batzuk.

PSE-EEk ere ez du berba hartu udalbatzarrean, baina prentsa ohar bat banatu du. Sozialisten iritziz, EAJren eta EH Bilduren arteko joko bat izan da, eta ez dute sartu gura izan. Gainera, EH Bilduk “jarrera elektoralista” duela salatu dute, hauteskundeak baino hilabete lehenago ezohiko udalbatzar bat sustatzeagatik.

Ordutegiari kritika
Bilkura eguerdiko 12:00etan egitea EH Bilduri ez zaio gustatu –normalean 17:00etan izaten da–. Batzarrera joateko gonbita egin zien herritarrei, eta ordutegia EAJk “herritarren parte-hartzea zailtzeko” ipini zuela uste du koalizioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!