Udal hauteskundeak 2015

EH Bilduk apirilaren 11n aurkeztuko du Durangoko hautagaien zerrenda

Anboto 2015ko api. 7a, 09:30
EH Bildu koalizioko kideak, apirilaren 11ko ekitaldira deitzen.

Durangoko EH Bilduk apirilaren 11n aurkeztuko du alkatetzarako zerrendaburua, eta, beragaz batera, taldea osatuko duten pertsonen zerrenda. Gainera, programaren berri ere emango du Plateruenean antolatuko duen ekitaldian.

Durangon aldaketa eman, eta gobernatzeko itxaropenez daude koalizioko kideak, prentsa ohar bidez diotenez: “Bokazio argi bategaz jaio ginen, eta bokazio argi bategaz gabiltza lanean: 2015eko maiatzaren ostean gobernu taldea osatu nahi dugu, herritarrei udalaren ateak zabaldu, eta Durango sozialago, euskaldunago, feministago eta jasangarriago bat eraikitzen hasteko”.

EH Bilduk azaldu du 150 lagunek parte hartu dutela hauteskundeetarako programaren lanketan, zortzi lantaldetan banatuta. Proposamenetako batzuk aurreratu dituzte prentsa oharrean, eta nabarmentzekoa da udal kudeaketaren ikuskaritza egin gura dutela: “Bada garaia udalaren jarduera ilunagaz bukatzeko”.

Horretaz gainera, herritarrak etxe barik uzten dituzten banketxeekin hartu-emanak apurtzeko, euskaraz bizitzeko nahia elikatzeko eta udal eraikinetako energia sistemen %50 berriztagarri bilakatzeko konpromisoa hartu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!