Bertsolari gazteen sariketatik kanpo geratu da Durangaldeko seikotea

Anboto 2015ko mar. 16a, 14:33

Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuan jokatu dute, gaur, Bertsolari Gazteen sariketaren hirugarren eta azken kanporaketa. Busturialdeko taldeak irabazi du saioa, eta finalaurrekoetarako txartela.

Iruri Altzerreka, Bittor Altube eta Txaber Altubek osatu dute hemezortzi urtetik beherakoen Durangaldeko taldea, eta 170 puntu t'erdi batu dituzte, Durangoko gaurko saioan. Sei puntu gehiago lortu ditu Busturialdeko taldeak.

Igor Galarza, Ander Gerrikaetxebarria eta Aitor Bizkarra izan dira, bestalde, 19 eta 24 urte artekoen artean Durangaldearen ordezkari. Busturialdeko hirukoteak baino zazpi puntu gutxiago jaso dituzte, Durangoko institutuko saioan.

Martxoaren 17an eta 24an, Markina-Xemeinen eta Sopelan jokatuko dituzten finalaurrekoetan erabakiko da zein bi talde ariko diren Bilboko Kafe Antzokiko martxoaren 26ko fnalean. Lea-Artibai, Arratia-Txorierri, Uribe Kosta eta Busturialdea eskualdeek kantatuko dute finalaurrekoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!