“Azkenean lortu dugu”, dio Etxegibelek . Esku-eskuan zuten, baina lotu beharra zegoen. Taldearen ibilbideak eta denboraldi osoan erakutsitako sendotasunak konfiantza hedatzen zuen zaleen artera ere, baina badaezpada patxadaz hartu gura zuten. Ospakizunari atea irekitzeko baldintza bat bete behar zen: matematikak alde izatea. Eta horretarako lehenengo aukera baliatu zuten, zaleen aurrean, gainera.
Uribealdearen kontrako partidua amaitu ostean barruan gordetako sentimendu denak azalaretu ziren Arripausuetan: “Oso pozik gaude eta ospakizuna itzela izan zen, emozio denak atera genituen bertan”.
Uribealdearen kontrako partidua ez zen erraza izan. “Apur bat urduri irten ginen”, onartu du Etxegibelek. Gainera, Uribealdea ez zen nolanahiko arerioa: “Gu baino esperientzia eta errugbi gehiago daramate euren gorputzetan”. Baina partiduak aurrera egin ahala DRTk gora egin zuen eta partiduaren hondarrean, 80. minutuan, lortu zuten bosgarren puntua ematen zien entsegua. Guztira lau entsegu lortu zituzten Iker Herce, Sabin Goiti, Antxon Iriondo eta Aimar Urienen bidez.
Ez dira konformatzen
Zapatuan igoera fasea poltsikoratu ostean, DRTko jokalariak eta zaleak zain geratu zen; hurrengo egunean Zarautzek egiten zuenaren zain, oraindino liga irabazteko aukerak zituztelako. Baina gipuzkoarrek ez zuten hutsik egin eta liga garaipena segurtatu zuten.
Beraz, liga amaitzeko geratzen zaizkion partidu biekin DRTk ez du helburu zehatzik, eta “errugbiarekiko errespetua mantenduz orain arteko lanari jarraitzea da gura lana”. Orain ezin dute erlaxatu eta “gure dinamika onari eusten saiatu behar dugu”. Domekan honetan Burgosen jokatuko dute bere sasoian elurraren ondorioz atzeratutako partidua.
Igoera fasean Ohorezko B Mailako hiru multzoetako aurreneko bi sailkatuak egongo dira. Sei talderik onenak. Talde indartsuak dira, batzuk DRT baino eginagoak eta hobeak. Zarautz bera, urrunago joan beharrik gabe. Baina ilusioa eta konpromisoa dagoen tokian…