Kultura digitalaren gogoetarako plaza, Platerueneko Zilar Astea

Anboto 2015ko mar. 16a, 09:00

Kultura digitala gaitzat hartuta egingo dute, martxoaren 23tik 27ra, seigarren Zilar Astea, Durangoko Plateruenean. Sorkuntza digitalaren inguruan ardaztuko dute aurtengoa; euskal kulturak arlo digitalean daukan presentzia izango da gaia.

Ohi bezala, askotariko proposamenak luzatuko dituzte gai horren inguruan jarduteko. Gainera, Zilar Asteak irauten duen bitartean, martxoaren 23tik 27ra, euskal kulturaren digitalizazioaren inguruko erakusketa egongo da Plateruenean. Mahai inguruak entzuteko eta ekarpenak egiteko ere izango da aukerarik.

Durangaldean, komunikazioaren eta kulturaren arloan diharduten Nagore Txintxurreta, Libe Mimenza, Maider Larrañaga eta Ekaitz Goienetxeagaz mahai ingurua antolatu dute, esaterako, martxoaren 25erako. Plateruenean, 19:00etan hasiko da Mahai-inguru posmodernoa/Open space izenburuko saio hori.

Iazko Zilar Asteko tailerrek ikasleen artean izan zuten erantzuna aintzat hartuta, aurten ere prestatu dituzte gazteentzako tailerrak. Digitalaren garaian hazitako eta hezitako batxilergoko 150 ikaslegaz tailerrak egingo dituzte martxoaren 26an eta 27an, Plateruenean.

Zilar Asteko egitaraua. Kultura digitala

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!