‘Elecciones afectivas (expediente I/B)’ arte bilduma pribatua ikusgai

Anboto 2015ko ots. 12a, 16:27

Alberto Ipiña eta Begoña Bidaurrazaga bildumazaleek hiru hamarkadatan osaturiko artelanen lagin bat dago, martxoaren 8ra arte, Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai.

Bildumazale horiek 34 urtez eskuraturiko artelanak herritar guztiekin partekatzeko helburuz sorturiko erakusketa da Elecciones afectivas (expediente I/B).

“Bokaziozko bildumazaleak dira Ipiña eta Bidaurrazaga, eta interes berezia dute euskal artisten sormena biltzeko”, azaldu du Xabier Sáenz de Gorbea arte historialariak erakusketaren aurkezpen orrian.“Inguruko galeriekin hilero kopuru txikiak ordaintzeko tratua eginez hasi ziren Ipiña eta Bidaurrazaga euren arte bilduma osatzen”, dio Sáenz de Gorbeak, eta urteotan 650 obra inguru bildu dituzte.

1950eko hamarkadako gerra ondoko artisten sorkuntzatik euskal artisten gaur egungo lanetarainoko ibilbidea proposatzen du erakusketak: figurazioaren, arte proiektualaren, geometriaren, neofigurazioaren, neoespresionismoaren, transabangoardiaren eta abstrakzioaren erakusle diren koadro eta eskulturak daude ikusgai Durangoko erakusketan. Besteak beste,  Ismael Fidalgo, Jose Antonio Sistiaga, José Luis Zumeta, Darío Urzay eta Nestor Basterretxearen lanak daude.

Marrazkiak, margolanak, eskulturak, argazkiak, bideo lanak eta dokumentuak daude Arte eta Historia Museoan ikusgai. Askotariko erakusketa da, eta, Sáenz de Gorbeak dioenez, ikuspuntuaren arabera, “hainbat erakusketa” ikusiko ditugu bertaratzen denak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!