Yllana konpainiaren 'The Gagfather' ekoizpena, San Agustinen

Anboto 2015ko ots. 8a, 10:00

Azken urteotan Durangaldeko antzokietan PaGAGnini, Broker eta Sensormen antzezlanak eskaini dituen Madrilgo Yllana taldearen emanaldia izango da etzi, 19:00etan, Durangoko San Agustinen. Yllana taldeak ohi duen bezala, umore erregistroko eta testurik bako obra da The Gagfather. Zinema beltzari omenaldia.


Lau antzezlek dihardute obra horretan: Fidel Fernándezek, Luis Caok, Juan Fran Doradok eta Jony Eliasek. Hirira ailegatu den gangster banda baten ibilerak kontatzen dituzte lau aktore horiek, batetik, eta talde horren jarduna edozein metodo erabilita geldiarazi gura duen polizia taldearenak, bestetik. Zentzubako egoerak sortuko dira talde bien arteko talkan. Horretaz gainera, ongiaren eta gaizkiaren inguruko gogoeta eta kritika ere egingo du Yllanak, betiere umoretik.

Hogeita hiru urte ditu Yllana antzerki taldeak, eta Madrilgo Alfil antzokia ere kudeatzen du azken urteotan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!