Jose Felix Azurmendi: "Uste dut gizarte honek merezi duela historia beste modu batera tratatzea"

Anboto 2015ko urt. 23a, 11:48

Irratia piztu eta Joxe Felix Azurmendi tertuliaren batean entzutean, gutxik jakingo dute jaiotzez durangarra dela. EITBn jubilatu eta gero, Euskal Herriaren historiari buruzko hiru liburu kaleratu ditu.


Zelako lotura duzu Durangogaz?
Santa Maria 1 zenbakian jaio nintzen, Mancisidor bitxi dendaren gainean. Lehenengo pisuan. Nire gurasoak Gernikan bizi ziren. Bonbardaketaren erruz, ezer gabe gelditu ziren. Aitak, kartzelatik pasa ondoren, ez zeukan Gernikara bueltatzerik, eta Urkizu botikan topatu zuen beharra. Nire gurasoek zortzi urte pasa zituzten Durangon, eta nik sei. Bertan jaio nintzen, eta handik gernikara joan ginen, Markinatik pasa ostean. Beraz, Oiz inguruan ibili naiz beti. Oso gutxi oroitzen dut, baina badakit Santa Susana ikastetxean egon nintzela eta lehenengo jaunartzea Durangon egin nuela. Gure pisuan Don Juan Olazaran apaiz karlista ezaguna bizi zen, bertako organista, eta berak esan zuen: “Ume hau prestatuta dago, eta jaunartzea egin behar du”. Eta 6 urtegaz Jauna hartu nuen.

1963ko abenduan klandestinitatera pasatu zinen.
Urte pare bat klandestinitatean eman nituen, barruan eta kanpoan. Orduan bai izan nuen lotura Durangogaz, baina lotura klandestinoa.

Ondoren, Venezuelara joan zinen. Zelan itzuli zinen?
Bederatzi urte eman nituen bertan. Ikasketak amaitu aurretik, azken ikasturtean eskolak ematen hasi nintzen, unibertsitatean. Beka bat lortu nuen doktoretza egiteko. Bordelen egitea aukeratu nuen, posible nuelako familia Donibanen uztea. Ordurako hiru seme-alaba neuzkan, eta posible zen ikastolan hastea. Handik etorri, eta ez nintzen berehala Hegoaldean sartu. Lurreratze lasaia izan zen. Oso argi neukan aurreko kontuak aurrekoak zirela eta diskrezio osoz, lezioak ematera baino, entzutera sartu behar nuela.

Euskal Herriaren historiaren inguruan hiru liburu kaleratu dituzu bata bestearen atzetik. Trilogia dela esan daiteke?
Badu zentzu hori, baina hori gero ikusi dut. Lehenengo liburua, PNV-ETA, crónica oculta (1960-1979), EAJren eta ETAren arteko harremetan egon diren gezurrak argitzeko idatzi nuen. Hori zen printzipioz nire helburu bakarra. Hor sartu nintzen, eta gerra garaiko buruzagien korrespondentzia aztertzen hasi nintzen. Oso gauza interesgarriak topatu nituen, eta pentsatu nuen hori ere jakin egin behar zela. Horrela sortu zen bigarren liburua. Gero, ETAk armak utzi zituen, eta, bai betebehar bezala, bai nire biografia eta ofizioarengatik, beste liburu bat kaleratu nuen. Horretarako betiko kazetaritza informatiboa erabili nuen. Potoloa eta gogorra da, gure historia gogorra izan delako.  

Egungo Euskal Herriaren egoeraren inguruan zein iritzi duzu?
Podemosen indarra ikusi ondoren, pentsatzen hasi naiz Podemos, mehatxutzat beharrean, aukera bezala ikusi behar dugula. PPgaz ez dago zereginik. Ez du interesik duen martxa aldatzeko: ez zaio komeni. Gehiengo absolutua eta gobernua galtzen duenean posible izango da orain posible ez diren eta hain logikoak diren gauza batzuk egitea.

Oso komunikabide desberdinetan lan egin duzu. Zelan gogoratzen duzu ‘Egin’ zuzendu zenueneko sasoia?
Venezuelatik etorri nintzenean, nire asmoa unibertsitatean eskolak ematea zen, eta Leioan hasi nintzen. Egin egunkariagaz kolaboratzea zen asmoa, eta hasieran horrela izan zen, baina, gero, arazoak zirela medio, behartua sentitu nintzen Eginen sartzeko. Zortzi urte eman nituen bertan. Urte oso gogorrak izan ziren, baina nire bizitza profesionalean egin dudan gauza interesgarriena hori izan da. Ni ia astero joaten nintzen deklaratzera, eta epaiketak han eta hemen izaten nituen. Beti libre atera izan naiz. Behin kondenatu ninduten, eta, Iñigo Iruinen bidez, Auzitegi Konstituzionalak arrazoia niri ematea lortu genuen. Dena zen berria guretzat.

Zelan eman zenuen ‘Deia’ egunkarirako jauzia?
Egoera aldatu egin zen, eta, momentu batean, Egineko zuzendaritza utzi behar nuela esan zidaten. Kazetari lanetan kolaboratzen jarraitu gura nuen, baina esan zidaten nigaz ezin zutela nahi zutena egin. Ni ez nintzen Eginetik atera Deian sartzeko. Urtebete langabezian egon nintzen, eta gero lana eskatu nuen Deian. Beste proiektu bat zela eta ez zela nire proiektua jakinda sartu nintzen. Hori kontuan izanda, nire Deiako urteak oso lasaiak izan ziren. Gero Radio Euskadira joan nintzen, eta oso gustura egon nintzen.

Behin jubilatuta, iritzi emaile moduan diharduzu. Inoiz haserrerik izan duzu?
Nire helburua ez da inogaz haserretzea. Hala ere, nire kezka da beti berberekin haserretzea. Ez nuke nahi beti pertsona berberekin haserretu. Nik ez dut inor engainatzen. Nire ikuspuntua ematen dut. Seguru asko, azken liburu honetan denentzat dago, baina ez nik asmatuta. Garai batean esaten zirenak eta edukitzen ziren iritziak orain aipatzea  gogorra izango da batzuentzat. Nik uste dut gizarte honek merezi duela historia beste modu batera tratatzea.

Kazetaritzak zer garapen izan du urte hauetan guztietan?
Kazetaritza enpresak aldatu egin dira. Une honetan kazetari gehiegi daude merkatuan, eta jende asko langabezian dago. Enpresa handienak ere kolokan daude. Kazetari eginda etorri nintzenean, aukera zegoen enpresa batetik bestera pasatzeko. Gaur ez dago aukera hori. Lanpostu bat lortzen baduzu, kazetaria jakitun da non dagoen, eta zer egin behar duen lanpostu hori mantentzeko. Orain beste aukera batzuk sarean daude, eta uste dut bide berria horixe izango dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!