Ander Berrojalbiz musikariak jaso du Durangoko Udalaren 2014ko sorkuntza beka

Anboto 2015ko urt. 14a, 10:25

San Agustin kulturgunean prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, Arantza Arrazola eta Jon Kepa Garro Astarloa Kulturgintza erakunde publikoaren ordezkariek, eta Ander Berrojalbiz musikari durangarrak. San Agustin kulturgunearen datozen bost hilabeteetarako programazioa aurkeztu zuten Arrazolak eta Garrok, eta 2014. urteko Sorkuntza Beka jaso duen bere proiektua aurkeztu zuen Berrojalbizek.

Sorkuntza Bekaren deialdira zortzi proiektu aurkeztu ziren 2014. urtean, eta Berrojalbizek aurkezturikoa aukeratu du epaimahaiak. Biolinista eta antzinako musikan aditua da Ander Berrojalbiz, eta arlo horretan urtebeteko lana osatzeko proiektua aurkeztu zuen beka horren lehiaketara, Manuel Merladet izeneko proiektua. Arantza Arrazolak azpimarratu duenez, Berrojalbizen proposamenaren "sendotasuna" nabarmendu du epaimahaiak, eta baita "ikerketa, sorkuntza eta hedapena" uztartzeko duen asmoa ere.

Datorren urtean zehar, bekaren 7.500 euroen laguntzagaz, Durangaldeko antzinako musika ikertu eta hedatuko du Berrojalbizek, Khantoria taldeko kideen laguntzagaz. Atzoko agerraldian azaldu zuenez, Durangaldeko antzinako musikaren artxiboa izango den webgunea garatuko dute, lehenengo. Gainera, Resurrecion Maria Azkueren kantutegiari esker ezagutu duen Carlos Bergaretxe txistulariaren inguruko ikerketa burutu eta publikatu gura du Berrojalbizek. Besteak beste, Kontrapas kantaren egilea da Bergaretxe. Azkueren interpretazioak barik, Bergaretxek idatziriko dokumentuak hartuko dituzte XVIII. eta XIX. mendeko bederatzi melodiaren bertsioak emateko oinarritzat. Ikerketa horretan bildutako informazioa webgunean ipiniko dute ikusgai, 2015 urte amaieran, kontzertu-konferentzia batean aurkeztuko dute ikerketaren emaitza, zuzenean.

Epe luzerako proiektua da Sorkuntza Bekari esker abian ipiniko dutena, eta Ander Berrojalbizek azpimarratu duenez, "asmoa, urte honen ostean ere Astarloa Kulturgintzagaz elkarlanean, webgunea elikatzen joatea da". Izan ere, Berrojalbizek egitekoen zerrendan dauka, dagoeneko, proiektuari izena ematen dion musikariaren (Merladet organistaren) obraren ikerketa. Bergaretxeren inguruko lana amaitu, eta Merladeten konposizioak ikertzeari ekin gura dio biolinistak: "Proeiktuaren izenagaz horixe islatu gura dut, hain zuzen: asko dagoela oraindik ere Durangaldeko musikaren historiaren arloan lantzeko". Ikerketa lana iraunarazteko helburuz pentsatu du Berrojalbizek proiektu hau; egindako aurkikuntzak herritar guztiekin konpartitzeko modu bezala.

San Agustin, bertako sortzaileen lanen oholtza

Bihar hasita, ekainera arte, Durangoko San Agustin kulturgunean izango diren kultur emanaldien berri ere eman zuten atzoko agerraldian. Arantza Arrazolak azpimarratu zuen, egitarau horretan bertako sortzaileek leku berezia izango dutela; euren azken lanak San Agustinen aurkeztera etorriko dira, besteak beste, Markeliñe, Gorakada, Lauka, eta Txintxaun Durangaldeko antzerki taldeak, edota Logela Multimedia taldekoak ere.

Bestale, urte askoren ostean, asteburu honetan, Loli Astoreka zornotzarra Durangoko San Agustinen ikusteko aukera izango dela ere azpimarratu zuen Arrazolak. De cuerpo presente, una comedia de muerte antzezlana eskainiko dute Astorekak eta Glu Glu taldeko kideek. Herentzia batek familia batean daukan eraginari buruzko komedia da urtarrilaren 17an eskainiko duten hori. Domekan, berriz, Zornotzako Markeliñe taldeak joan zen astean estreinatu zuen Kixote "harribitxia" gozatzeko aukera izango da San Agustin kulturgunean.

Martxoan antzerki gaztearen erakustaldia burutuko dute Durangoko kulturgunean. Lauka Teatroa taldearen Amodioaren ziega, eta Il Maquinario Teatroren El hombre almohada obrak ikusgai izango da martxoko hitzordu horietan ikusgau. Atzoko agerraldian azpimarratu zutenez, bestalde, apirilaren 2 eta 5 artean San Agustinen egingo duten Topaklown jaialdiko ikastaroetan izena emateko aukera zabalduko dute, bihartik aurrera, www.topaklown.com webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!