Durangoko PSE-EEko batzordeak dimititu ostean, barne gatazka azelaratu da

Anboto 2015ko urt. 9a, 10:41
Pilar Rios eta Fernando Castillo, udalbatzar bateko irudian

Durangoko PSE-EEn zatiketa gertatu da. Alderdiko batzordeak osorik dimititu du, eta, prentsan agertu ostean, barne gatazka azaleratu da. Azaro amaieran, udal hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzeko bozketa egin zuten, eta hautagai bi zeuden: Pilar Ríos eta Fernando Castillo Durangoko idazkari nagusia –biak zinegotzi dira gaur egun–. Riosek irabazi zuen primarioen lehia, boto biko aldeagaz. Baina Castilloren aldekoak ez ziren gustura geratu prozesuagaz, eta alderdian jakinarazi zuten. Euren arabera, bozketa aurreko egunetan alderdiko afiliatu kopurua 74tik 98ra igo zen, eta kide berri horiek Riosek berak inskribatu izana salatu dute.

“Pertsona bakar batek ezin ditu 24 afiliatu ekarri”, esan du Castillok. Baina alderdiak ez du bere salaketa babestu. “Badakit hemendik pare bat urtera arrazoia eman, eta afiliazioak legez kanpokoak zirela esango didatela”, adierazi du bozketaren galtzaileak. Alderdiaren babesik barik, dimisioa eman zuten Castillok eta bere taldeak abenduaren 29an.

Hausnarketa epean
Korronte biren arteko talkaren ondorio da jazotakoa. Izan ere, Bizkaiko idazkaria izendatzeko hautagai desberdinak babestu zituzten Riosek eta Castillok. Dimisioa eman ondoren sortu den egoeran, bere ildokoak hausnarketa epe batean daudela azaldu du Castillok, eta gero hartuko dituztela erabakiak. Bere zinegotzi karguagaz zer egin, eta hauteskundeetarako zerrenda alternatiborik aurkeztu ala ez, horiek ei dira orain aztertu beharrekoak. Momentuz ez du bere iritzirik eman, “alderdiarekiko errespetuagatik”.

“Kritika faltsuak”
Riosek eta bere ildokoek ez dute adierazpen zuzenik egin gura izan, eta alderdiak hartu du hitza eurak babesteko: “Ez ditugu prozesuaren inguruko kritikak onartzen, guztiz faltsuak eta oinarri bakoak direlako”. Primarioak gardentasunez garatu zirela adierazi dute, eta prozesu osoa Berme Batzordeak onartu zuela. Gainera, Afiliazioen eta Errolden Batzorde Federalak ere errolda begi onez ikusi zuela nabarmendu dute. Hori guztia kontuan hartuta, eta bozketan irabazle irten zela jakinda, PSE-EEko arduradunek azaldu dute “alderdiaren babes osoa” daukala Pilar Riosek.

Dimisioaren akta jaso dutela aitortu dute sozialistek. Hortaz, herriko eta herrialdeko kideak Durangorako batzorde berri bat osatzen hasiko dira elkarlanean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!