Bisitarien kopuruagaz eta parte-hartze mailagaz oso pozik Durangoko Azoka

Anboto 2014ko abe. 9a, 10:57

Durangoko Azokako antolatzaileek atzo eman zituzten datuen arabera, "helburuak beteta itxi ditu 49. edizioak ateak". Barikutik domekara, 120.000 bisitari baino jaso zituen Durangoko Azokak.

Berezia: Durangoko Azoka

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak, Lutxo Egia guneen ordezkariak, Olatz Osa Euskal Editoreen Elkarteko kideak eta Amets Rodriguez musika industriaren elkarteko ordezkariak egin zuten 49. Azokaren balorazioa.

Domekara arte, atzoko Azoka eguneko datuen faltan, beraz, iazko bisitari kopurua parekatu zen; 120.000 bisitari baino gehiago jaso zituen Durangoko Azokak. Ikasle Egunaren arrakasta azpimarratu zuen Nerea Mujikak: "Antolaketan egin den ahaleginari esker, ikasle kopurua bikoiztu egin da", esan zuen Mujikak.

Sektorearen erronkak aztertu eta konpartitzeko aurten martxan ipini duten Gogoetaren Plazan jendeak ondo erantzun duela ere azpimarratu zuten, eta ildo beretik jarraituko dutela iragarri du Gerediaga Elkarteak. Aurten lehenengoz atondu duten autoekoizpenen gunearen balorazio oso positiboa egin dute, baita, eta datozen urteetan ere eskainiko dutela aukera hori.

Durangoko Azokako guneen ordezkaritzan, Lutxo Egia Ahotsenea guneko arduradunak egin zuen 2014ko edizioaren balorazioa: sortzaileak azokan oso eroso daudela nabarmendu zuen Egiak. Jendearen parte-hartze mailagaz ere oso pozik agertu zen.

Editoreen zein musika industriaren ordezkariek ere oso balorazio positiboa egin zuten atzoko agerraldian: salmenta-kopurua iazkoaren antzekoa izango dela aurreikusten dutela adierazi dute industriaren ordezkariek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!