Sarrera barik, borondatea eskatuko dute Euskal Dendan

Anboto 2014ko aza. 25a, 17:00

19. edizioa ospatuko du aurten artisauen Euskal Dendak. Abenduaren 5etik 8ra burutuko da, Durangoko Azokaren egunetan. Bisitariei elkartasun laguntza eskatuko diete, baina ez dute sarrerarik salduko. Krisiak eta aurrekontuaren beherakadak eragin dute neurri hori hartzea.

Arbaso artisauen elkarteko Bernat Vidal presidenteak azaldu du, "egoera ekonomikoa ikusita" hartu dutela sarrerarik ez ipintzeko erabakia. Beraz, bisitariei begira egindako ekarpena da. Baina, Euskal Denda ere egoera gaitzean dagoela esan du, eta horregatik, elkartasun laguntza edo borondatea eskatuko dute sarreran. Vidalen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak 35.000 eurotik 26.000ra bajatu du diru-laguntza; 9.000 euro gutxiago, hortaz. Gainera, azken urteetan bisitarien kopuruak ere behera egin du. "2010ean hasi ginen krisia igartzen. Orduan 18.000 euro atera genituen txarteldegian, eta iaz 15.000", esan du Vidalek. Euskal Dendagaz zer egin hausnartzen ibili direla ere informatu du: "Ezin dugu Euskal Herriko azoka enblematikoenetako baten irudia txikiagotu". Baina, azkenean artisauen azokari eustea erabaki dute.

Erreleboagaz dator, gainera, Ametsak gauzatu lemapean garatuko den Euskal Dendaren 19. edizioa, eta nobedade hori "esperantzagarria" dela uste du Vidalek. Unzueta saskigile familiako Bea Unzuetak lehen aldiz parte hartuko du Euskal Dendan. Adibidez, gaztainondoagaz egindako motxila bat aurkeztuko duela aurreratu du Vidalek. Bestalde, Alberdi makilagileen artean, Beñat Alberdik ere postua ipiniko du.

Olatz Pujana Arbasoko bozeramaileak eman du egitarauaren berri. Euskal Herriko 46 artisauk erakutsiko dituzte eruen gaiak, eta horietatik bost izango dira Durangaldekoak: Durangoko Restaurarte, Jaio gazta ekoizle iurretarra, Elorrioko Wandel larrugilea, Eneko Unzalu bitxigile mañariarra eta aurrez aipatutako Bea Unzueta durangarra.

Okzitania izango denez aurtengo Durangoko Azokako gonbidatua, herrialde horretako lau artisau etorriko dira Euskal Dendara. Andoni iruarrizaga zinegotziak gogoratu du, Durango "euskal kulturaren eta artisautzaren hiriburu" bihurtzen dela azoka egunetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!