Gu Lagunak: 36 urtez afizioaren esentzia gorde duen taldea

Anboto 2014ko aza. 21a, 10:23

Izenak ondo dioen moduan, lagun girokoa da Gu Lagunak areto futboleko taldea. Ondo pasatzeko helburuz sortu zuten Madalena auzoko gazte batzuek duela 36 urte, eta oraindik ere afizioa da taldearen oinarri nagusia, areto futbolean asko galdu dena. Denboraldi honetan Bigarren Erregionalean lehiatzen dabil taldea, eta seigarren dago sailkapenean. Baina, lehiaz harago, taldearen sustraietara jo, eta bere historia errepasatu gura izan du ANBOTOk. Urteotan taldetik igarotako belaunaldietako kideak batu dira berbaldira.


Taldearen sortzaileetako bat izan zen Emilio Alonso. Lagunak elkartu, eta Durangaldeko txapelketetan parte hartzen hasi ziren 1978an; bi irabazi zituzten. Handik urte bira federatu ziren; izan ere, Bizkaian goraldian ei zegoen areto futbola: “Goraldian zegoen, eta ez zegoen aparteko gauza larregi, ez padelik, ez bestelakorik”. Espainiara joateko aukera ere eduki zuten, baina ez zuten diru-laguntzarik lortu. Ramon Astola ere lehenengo belaunaldi hartakoa da, eta zelako giroa bizi zuten azaldu du: “Tabirako eta San Faustoko torneoak, Gabonetako maratoia... Futbol giroa zegoen, eta datak markatuta zeuden. Kuadrillan egon, trago batzuk hartu, elkarte gastronomikora joan...”.

Baina areto futbolaren bultzatzaile hauek beste kirolen eta kirolzaleen artean lekua egin behar izan zuten. Horregatik, Astolaren arabera, hasiera ez zen guztiz erraza izan. “Behin, entrenatzeko ordua hartuta geneukan Tabiran, eta Tabirakoko talde bat zegoen entrenatzen. Bertatik joateko esan ziguten, baina kantxa erdian jesarri ginen. Udaltzainak etorri, eta gu ateratzen saiatu ziren. Orduan, udaletxean ofizializatzea lortu genuen”.

1990eko hamarkadaren amaiera aldera interesatu ziren Asier Urien eta bere lagunak areto futbolean. Baina ez zuten erreferentziarik, eta Durangon federatuta Gu Lagunak bakarrik zegoela konturatu ziren. Estatutuen tramiteak-eta saihesteko, taldearen filiala sortzea adostu zuten, Gu Lagunak B. “Jokatzen hasi, eta mailaz igo ginen, Bigarren Mailatik Lehenera. Gero, Maila Gorenera ere bai, eta zuek bajatzen hasi zineten apur bat... Ia harrapatu zintuztegun!”, gogoratu dio Urienek Astolari. 41 urtera arte jokatu zuen Astolak; bazeukaten meritua, beraz.

Kiroldegirako pausoa
Urienen taldeak kalean jokatzetik kiroldegietarako pausoa ezagutu zuen. Astolaren sasoian luxua zen aterpea: “Bilbon, behin, ilundu egin zitzaigun, eta euria zen: ez zen ezer ikusten. Baloia metro eta erdi irteten zen, baina jokatzen segitu genuen”.

Urienek bitxikeria legez kontatu du zelan eman zieten erreleboa: hurrengo taldean euretako askoren anaiak zeuden. Gainera, A taldekoek ere utzi, eta talde bakarra osatu zuten.

Oraindik ere zaletasunak du indarra Gu Lagunaken. Koldo Andérez da gaur egungo jokalarietako bat, eta bere kuadrillaren inguruan mugitzen da taldea. “Urtebetez entrenatu bakarrik egin nuen, eta gero taldean sartu nintzen”. Entrenamenduetan partiduak jokatzen dituztela dio, ondo pasatzeko, eta Astolak filosofia beragaz erantzun dio. “Taldeari maila handiagoa eman gura zion bati ezetz esan genion. Kornerrak eta jokaldiak entseatze hori...”.

Lagun giroko anekdotak
Kuadrillaren filosofia jarraitzeak anekdota ugari ekarri dizkie, eta gorabehera asko ere bai. “Behin Laukizen kontra jokatu behar genuen, eta uste genuen Laukarizen zela. Han ibili ginen kiroldegia bilatzen...”, dio Urienek. Andérez ere antzera ibilia da: “Partidua hasteko hogei minutu falta zirela ez genekien kiroldegia non zegoen”. Barrez gogoratzen dituzte lagunekin bizitako istorio horiek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!