Katamalo taldeak azken zuzenekoaren diskoa eskaini dio Plateruenari

Anboto 2014ko aza. 18a, 13:30
2011n Katamalok Plateruenean eskaini zuen agur kontzertua. (Argazkia: Saioa Cabañas, Gauilunak)

2011. urtean, Katamalo taldeak Plateruenean eskaini zuen orain arteko azken kontzertua. Gotzon Barandiaran taldekideak azaldu duenez, "Plateruenak diru ekarpen kanpaina abian jarri duela jakin genuenean erabaki genuen gure ekarpen xumea izan zitekeela kontzertu hartako grabazioaren eskubideak eurei eskaintzea, eta horren salmentatik ateratako dirua Plateruenera bideratzea, bidelagun izan ditugunei laguntzeko”. Barandiaranek azpimarratu du, duela hamar urte sortu zenetik, Durangoko kafe antzokia beti egon dela Katamalo eta antzeko proiektuekin inplikatuta: "Bertan beharrean dabilen jendearen lagun ere bagara".

Argitaratu berri duten diskoan, aurreko diskoetan jaso bako Katamaloren hainbat kantu daude: “Sonoritate berezia dute disko honetako hemezortzi kantek, eta beste dimentsio bat hartu zuten kontzertu hartan”, azaldu du Gotzon Barandiaranek. Mila lagunetik gora elkartu ziren 2011ko azaroko kontzertuan, eta, idazlearen berbetan, "itzela izan zen entzuleengandik jaso genuen berotasuna, eta han bizi izan genuena ez daukagu ahazteko; hasieratik gugaz kantatu zuen jendeak, eta hartu-emana itzela izan zen. Oso hunkituta egon ginen emanaldian”. Berotasun hori nabari da diskoan ere.

Zortzi euroan eskuratu daiteke Katamaloren zuzeneko diskoa, Plateruenean, ANBOTOren bulegoan eta euskarazko tokiko hedabideen bitartez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!