Diru ekarpen kanpainagaz lortu beharrekoaren laurdena eskuratu du Plateruenak

Anboto 2014ko aza. 18a, 13:29
Disko berriaren salmentako dirua Plateruenari sostengua ematera bideratuko du Katamalo taldeak.

Herritarrei Plateruena Kafe Antzokia diruz laguntzeko irailean abiatu zuten kanpainaren erdira ailegatuta, orain arteko emaitza jakinarazteko agerraldia egin dute, gaur, Jone Miren Goenaga Platerueneko lehendakariak eta Nerea Iriarte zuzendaritza batzordeko kideak.

"Kanpainaren erdira ailegatuta, behar dugunaren laurdena lortu dugu; ez da gutxi, baina ez da nahikoa", azpimarratu du Nerea Iriarte Plateruena Kafe Antzokiko zuzendaritzako kideak prentsaurrekoan. Azpimarratu dutenez, bost urtean Plateruena diruz laguntzeko konpromisoa berrehun lagunek hartu dute, dagoeneko. Bazkide berri horiei eskerrak eman dizkiete gaurko agerraldian, lehendabizi, eta oraindik konpromisoa hartu ez dutenei luzatu diete gonbita: "Orain da ekarpena egiteko garaia", adierazi du Jone Miren Goenagak. Abenduaren 31ra arte dago ekarpen kanpainan parte hartzeko aukera.

Ikasturte hasieran, diru ekarpen eta borondatezko lan kanpaina abiatu zutenean, azaldu zuten bezala, duela hamar urte eraikina berritzeko eskaturiko kredituaren 250.000 euroko zorrari aurre egin behar dio Plateruenak datozen bost urteetan. Bazkide berrien sostenguagaz, datozen bost urteetan urtero 50.000 euro eskuratzea da helburua. Izan ere, gaurko prentsaurrekoan azpimarratu dutenez, Plateruena zabaltzeko bere sasoian egindako inbertsioa da zor horren jatorria: "Hori kenduz gero, Platerueneko kulturgintza eta ostalaritza proiektua ekonomikoki bideragarria da", azpimarratu dute.

 

Abenduaren 6ko jaiari begira

Oraindik egitarau zehatza aurreratzerik ez duten arren, gaurko prentsaurrekoan azaldu dute abenduaren 6ko gauerako jai berezia antolatzen dabilela Plateruena. Igor Elortzak, Peru Madalenak eta Eneko Sagardoyk dihardute emanaldia prestatzen, eta, aurreratu dutenez, Euskal Herriko kulturgintzako hainbat lagunek parte hartuko dute ekitaldi horretan: musikari, idazle, bertsolari, eta dantzariek, besteak beste. Diziplina askotako ikuskizua izango da, "euskal kulturgintzaren bizimin eta bizipozei buruzkoa".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!