Palestinari buruzko kultur-jardunaldia, Durangon

Anboto 2014ko aza. 5a, 09:00
'5 cámaras rotas' filmaren inguruko zine-foruma egingo dute, azaroaren 19an.

Azaroaren 29an ospatuko den Palestinar herriarekiko nazioarteko elkartasunaren egunari lotuta, herrialde horri buruzko kultur-jardunaldiak antolatu ditu Durangoko Udalak. Palestina eta Israelen arteko gatazkan murgildurik daudenen egoera ezagutzera emango dute jardunaldi horietan, askotariko adierazpide kultural eta artistikoren bitartez.

Liburutegiko irakurketa klubean abiatuko dute Palestinari buruzko programazioa. Palestinako gatazkari buruzko Amaneceres de Jenin eta Palestina zauritua liburuen bitartez aztertuko dute irakurketa klubaren gaurko saioan, hango errealitatea.

Azaroaren 17an izango du egitarauak jarraipena. Egun horretan zabalduko dute Wellcome-Ongi etorri argazki-erakusketa, Udal liburutegian. Israelen okupazio militarraren aurrean palestinarrek erakutsitako erresistentzia islatzen du erakusketa horrek. Argazki erakusketaren bisita gidatua egingo dute, gainera, azaroaren 17an, 19:00etan, eta Palestinako tea eta gozokiak emango dituzte probatzera.

Emad Burnat eta Guy Davidik zuzenduriko 5 camaras rotas filmaren inguruko zine-foruma egingo dute, bestalde, azaroaren 19an, 19:00etan. Elkartegian. Palestinarren erresistentzia baketsua islatzen du filmak.

Azaroaren 21ean eta 22an Palestinako kontalarien saioak izango dira, Durangoko Bibliotekan gozagai. Helduentzako ipuin palestinarren saioa 21ean izango da, 19:00etan; eta umeei zuzendurikoa 22an, 12:00etan.

Azaroaren 22an elkartuko dira, baita, Palestinako sukaldaritza tailerraren parte-hartzaileak. Zure Txokoa elkartean, 18:00etatik 20:00etara egingo dute tailer hori. Parte hartu gura duenak azaroaren 18a baino lehen eman beharko du izena Bibliotekan.

Palestinari buruz Durangoko Udalak antolaturiko zikloa amaitzeko, Mar Gijón Mendigutiak, Las mujeres palestinak y el movimiento asociativo: evolución y actualidad izenburuko ikerketaren berri emango du hitzaldian. Abenduaren 3an, 19:00etan, Andragunean, izango da berbaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!