Kataluniako kontsultarako lokal bat uztea ilegala dela esan du PPk

Anboto 2014ko urr. 31a, 09:41

Durangoko osoko bilkuran, Kataluniako kontsulta babesteko mozioa onartu zuten Bildu, Aralar eta EAJk. Bertan, besteak beste, azaroaren 9ra arte 'estelada' bandera balkoian jartzea eta kontsultarako Generalitateri lokal bat uztea adostu zituzten. PPk ez du begi onez ikusi, eta Espainiako ordezkari Urkijori abisu emango dio.

"Lokal bat utzi gura badute, izan dadila Batzoki bat edo Herriko Taberna bat, ez udal eraikin bat". Berba gogorrak izan ditu Juan Jose Gaztañazatorre PPko zinegotziak Kataluniako kontsultaren mozioaren harira. Bere ustez, mozioa ilegala da, eta horregatik bidaliko dio Urkijori, "beharrezko diren neurriak hartu daitezen".

"Falta zena, fartsa eta adarjotze baten partaide bihurtu nahi izatea", esan du Gaztañazatorrek. 'Estelada'-ren inguruan ere mintzatu da: "Legea bete eta bandera espainola ipintzeko arazoa eduki duten bakarrek, ez daukate erreparorik orain sektore politiko baten erreferentzia den bandera sektario bat igotzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!