Faustegoienako eta San Rokeko etxebizitzen esleipenetan 409 pertsonek ezetza eman dute

Anboto 2014ko urr. 17a, 10:25
Faustegoienan lur mugimenduak badaude, baina etxeak eraikitzeko datarik ez oraindik.

Joan zen hamarkadan babes ofizialeko etxebizitzen egitasmoak bultzatu zituzten herririk herri udalek eta Eusko Jaurlaritzak. Etxe eskaintza eta eskatzaile kopurua handia zen. Baina krisi ekonomikoak eztanda egitean, egoera guztiz aldatu zen. Zozketetan etxea tokatu zitzaien askok ez zuten banketxearen mailegua lortu, eta etxeari uko egin behar izan zioten. Gero, itxaron zerrendetan egondako askori ere gauza bera gertatu zitzaien. Horrela, zenbait proiektuk atzerapena eduki dute, eta Durangoko Faustegoienakoa da kasu argienetako bat.

Etxeak kooperatiba erregimenean hartu zituzten bazkideak obraren esperoan daude, eraikitzen hasteko beharrezkoa den salmenten %90 ez delako lortu oraindik.

2012ko uztailean onartu zuen udalbatzak Faustegoienako proiektua, babeseko 118 etxebizitza dituena. Baina eskatzaile faltagatik, proiektua bitan zatitzea erabaki zuten, lehenengo 70 etxe egiteko. Zozketa egin zuten, baina ezin etxeak saldu; promozioa Bizkai osora zabaldu zuten, eta gauza bera. Dagoeneko 111 uko egon dira.

25 lagunek osatzen dute bazkide kooperatiba. Lehenengo faseko hiru etxe blokeetatik bi eraikiko dituzte hasieran, 42 etxe. Udalak zazpi hartuko ditu alokairuan emateko, baina, hala ere, beste sei saldu behar dituzte obrari ekiteko.

Egoera ikusita, batzarra egin dute bazkide, udal ordezkari eta etxe sustatzailekoek. Ateratako ondorioa hau da: udalak beste hiru etxe bere gain hartzea, saltzeko edo alokatzeko, eta sustatzaileek hiru etxeren balioa ez kobratzea eraikuntza amaitu arte. Ondorio horrek, edozelan ere, udalbatzatik pasa beharko luke aurrera egiteko.

San Roken 298 uko
Eskatzaileen uko ugari eduki dituen beste promozio bat San Rokekoa da. 298 lagunek esan dute ezetz. 2012an hasi ziren 144 etxeak eraikitzen, eta oraindik hogei bat salgai daude. Bidean, baldintzak malgutu behar izan dituzte; Etxebiden alta emanda egotea ez da beharrezkoa, adibidez. Salmenta zuzena darabilte, eta abendu honetan etxeen eskriturak egiten hasi gura dute.

Atzera jota, Errotaritxuenako 58 etxeetarako ere ukoak egon ziren, baina 2012an lortu zuten etxeak ematea. Durangaldeari dagokionez, Abadiñoko Muntsaratz auzoko etxeetan %50 ezezko baino gehiago egon ziren, eta oraindik etxeren bat falta da saltzeko.

Babeseko etxebizitzak jabetzan saltzea espero baino gehiago kosta da. Faustegoienako etxeetan hamasei alokairurako izango dira, eta EH Bilduk kopurua handitzea eskatu zuen, alternatiba moduan. Jabetzan hartu dituztenak, oraingoz, etxeak eraikitzeko zain daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!