Marta Cárdenasek gaurko agerraldian azaldu duenez, hasieran ez zuen jakin lana nondik abiatu, eta bere koaderno batean topaturiko Mexikoko margolan koloretsu bat hartu du oinarri. "Proba asko egin nituen", azaldu du artistak.
Gaur aurkeztu duten azken emaitzara eraman duen sorkuntza prozesuan baliatu dituen zirriborroen koadernoa ere erakutsi du artistak, gaurko prentsaurrekoan. Emaitza, kolore horiko atzealdea daukan kartela da, letra beltzekin, 49. Durangoko Azoka, 2014ko abenduaren 5etik 8ra, iragartzen duena.
Madrilen eta Parisen ikasi zuen Marta Cárdenasek, eta Madrilen bizi da. Europako hainbat hiriburutako galeria eta ferietan erakutsi du 1970tik Cárdenasek. Duela 40 urte, esaterako, Durangoko Ezkurdi aretoan ipini zuen erakusketa.
Hirugarren urtea da Euskal Herriko ibilbide oparoko artista bati eskatzen diotena Durangoko Azokako kartela egitea: Nestor Basterretxeak eta Itziar Okarizek egin zituzten honen aurreko biak.