ELAk dio kontratazio ilegala egin duela Durangoko Udalak, dirua aurrezteko

Anboto 2014ko urr. 9a, 13:13

ELA sindikatuak udalaren eta gizarte esku-hartzea bultzatzen duen Zabaltzen-Sartu elkartearen aurka jo du, Enplegu Planeko langileen lagapen ilegala egin dutela uste duelako. Gainera, kritikatu du dirua aurreztea izan dela kontratazio horren helburua. Izan ere, brigada lana egiteko behargin horiek –peoiak eta ofizialak– ez dituzte udal hitzarmenpean hartu, soldata baxuagoak ezartzen dituen eraikuntza arloko hitzarmen orokor baten menpe baizik. Batez beste, 3.000 euro gutxiago jasoko dituzte sei hileko epean.

ELAko Iñaki Arrietak eta Jose Ramon Lasargurenek eskuetan hainbat paper zituztela eman zituzten azalpenak: “Durangoko Udalak, kostuak merkatzeko asmoz eta lantaldea handitu gura izan barik, legez kanpoko lagapen bati zerbitzu kontratu itxura eman gura izan dio”. Sindikatuak erreklamazioa ipini du udalean, eta Zabaltzen-Sarturen kontra gatazka kolektiboa zabaldu du.


“Ilegala zela jakinda”
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Enplegu Plana dago gatazkaren oinarrian. Langabetuak sei hilerako kontratatzeko diru-laguntzak eman ditu, eta Lanbideren bitartez gestionatu da gaia. Durangoko Udalak 162.000 euro jaso ditu hamahiru pertsonari lana emateko, eta herriko instalazioak eta parkeak konpontzeko zeregina eman die. Dagoeneko beharrean daude.

Zabaltzen-Sartuk kontratatu ditu langile horiek, eta gero udalari laga dizkio. Horretarako, erakunde biek hitzarmen bat sinatu zuten. Udalak aparteko 60.000 euro eman dizkio elkarteari, koordinazio gastuengatik eta gainkostuengatik. Baina ELAko kiden arabera, Zabaltzen-Sartu ez da aldi baterako laneko enpresa bat, eta, beraz, ezin du beharginik laga aldi baterako. Gainera, gogoratu dute bere jarduera ez dela obra zibilekoa edo eraikin publikoak mantentzekoa. ELAren iritziz, “egitera zihoazena ilegala zela jakinda egin dute”. Auzitegi Gorenak sententzia kaleratuta dauka, diru-laguntzak jaso, eta lan hitzarmena bete ez dutenen kontra. Horregatik, Zabaltzen-Sartu hori egiteko alternatiba lez erabili dutela uste dute sindikatukoek.

Brigadan, langile beharra
Salaketa oraindik eta larriagoa da, ELAk brigadako lantaldeari buruz esandakoa kontuan hartuz gero. 27 lagunek osatzen dute brigada, eta gaur egun zazpi daude bajan. “Bi urtetan daude bajan, eta besteak hiletan”, esan du Lasargurenek. ELAkoen berbetan, hutsune horiek langileen karga handitu dute, eta taldean pertsona berrien beharra dago.

Enplegu Planeko egitasmoa PSE-EEren ekimenez garatu da. Horregatik kritikatu du ELAk alderdi sozialista, baina baita beste alderdiak ere, egitasmoari aurrera egiten uzteagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!