"Oso sorpresa atsegina izan da txupinazoa bandak botatzea"

Anboto 2014ko urr. 8a, 09:40

Tabira Musika Bandan diharduten bi belaunalditako ordezkariek botako dute urriaren 10ean Durangoko San Fausto jaietako txupinazoa. Leire Rodríguez Elgeta eta Lide Etxebarria Molina 16 eta 14 urteko klarinetistek, eta 1954tik bandan diharduen 81 urteko Manuel Parada Feijó perkusionistak emango diete jaiei hasiera. Hiru txupineroekin eta Bandako presidentea eta tronboi-jotzailea den Josu Otxotorena Zabalzagaz egin dugu hitzordua. Landakon. 



Zelan hartu duzue txupinazoa botatzeko proposamena?
Josu Otxotorena: Ez dugu sekula horretan pentsatu, eta oso sorpresa polita izan da. Pentsatzen jarrita, baina, logikoa ere bada herrian 130-140 urte daramatzan erakunde bat txupinazorako aintzat hartzea.

Jaietan zer parte-hartze edukiko du Bandak?
J.O.: Txupinazoaz gainera, jaietako ohiko emanaldia ere egingo dugu domekan. Adinekoen egoitzan joko dugu 11:45ean, eta Andra Mariko elizpean eskainiko dugu emanaldia, 13:00etan.

Leire eta Lide, zelan egin duzue bandarako bidea?
Leire Rodríguez: Musika eskolako gure irakasleak ere bandan jotzen du, eta berak proposatu zigun etortzea.
J.O.: Lorena Rodríguez Ahedo da bandan ere badabilen musika eskolako irakasle bakarra, eta beragaz dugu lotura.

Inportantea da musika eskolaren eta Tabira Musika Bandaren artean dagoen harreman hori?
J.O.: Bai, noski; izan ere, gure asmoa taldekideak musika eskolatik ekartzea da. Lehen musikariak beste modu batera etortzen ziren. Gaur egun, aldiz, askok euren musika ikasketen osagarritzat ulertzen dute banda. Eta etorkizuna hori da, errelebo hori ziurtatzea.

Manuel: Galiziatik etortzean hemen harremanak egiteko modua izan zen banda?
Manuel Parada: Lan bila etorri nintzen Galiziatik Durangora. Ourenseko Albarellos de Monterrey herritik etorri nintzen, eta hemen ez nuen inor ezagutzen, eta, noski, Durango eta durangarrak ezagutzeko aukera izan zen.

Zergatik iraun duzu hainbeste urte bandan? Zer eman dizu?
M.P.: Asko: alaitasuna batez ere, baina baita penaren bat ere.

Gazteek zer jasotzen duzue bandan parte hartzetik?
L.R.: Batetik, eskolan ikasitakoa praktikan ipintzeko modua, eta, bestetik, guk baino esperientzia handiagoa daukan jendearengandik ikasteko aukera.
Lide Etxebarria: Partiturak azkarrago irakurtzen ere ikasi dugu, esaterako.
J.O.: Musikariarentzat oso interesgarria da, bestalde, hainbat zuzendarigaz lan egiteko aukera edukitzea. Azken hamar urteetan, esaterako, lau-bost zuzendari igaro dira Durangoko Tabira Bandatik, eta hori beti da aberasgarria musikariontzat. Zuzendari bakoitzak bere erara ulertzen du obra baten interpretazioa, eta gomendio interesgarriak ematen ditu. Asko ikasten da.
L.R.: Hainbat kontzertu eskaini behar izaten ditugunez, erronka da guretzat, eta lan handia egiten dugu obrak prestatzeko.
J.O.: Egia da; izan ere, kontzertu bakoitzerako errepertorio bat prestatzea gustatzen zaigu. Lehen, bandak beti zeuden prozesioekin, pasodobleekin eta zartzuelekin lotuta. Baina gaur egun badago jendea denetariko partiturak –klasikoenak eta filmetako musikarenak, adibidez– bandako instrumentuekin jotzeko moldatzen dituena. Guk, Queen taldearen kantak eta musika garaikidea ere jo izan dugu, esaterako. Jesus Egigurenen konposizioa jotzea erronka izan zen guretzat, baina lortu genuen. Duela bi urte estreinatu genuen.

Zenbat kidek osatzen duzue gaur egun banda?
J.O.: 15-20 lagun inguru gara finkoak. Eta emanaldietarako taldetik kanpoko jendea batzen zaigu.

Zer moduzko harrera egiten dizuete durangarrek kalerik kale zabiltzatenean?
J.O.: Orokorrean oso ona. Kontzertuetan txalo asko jasotzen dugu. Saiakera egiten gabiltza, eta hein handi batean lortu dugu banda herrian ezaguna izatea. Are gehiago, maitatua ere bada.

Historia luzea du bandak.
J.O.: Bai, urte asko daramatza Tabira bandak. Badauzkagu, esaterako, 1.880. urteko bandaren argazkiak, Bartolome Ertzilla zuzendari zen garaikoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!